Joan Mari Irigoien Idazlea
Anjel Mari Elkanori
Anjelmai: Udaberria ez duk bakarrik urtaro bat; sentimendu bat duk batez ere. Horregatik ez ote zait niri iritsi, badakidan arren bazter guztietara iritsia dela?, meteorologoek hala esaten ditek behintzat...
Nola izango da, izan ere, udaberria, hi kartzelan bahago, ezertxo ere ez egiteagatik, horrek ematen zidak errabia...! Nola izango da, bada, udaberria, kartzelako aire ilun hezeak birikak xikindu badizkik eta gaixotu...!
Hauxe, baina, ez duk etsitzeko ordua, eta eutsi goiari, ahal denari...! Munduko boteretsuak inoiz baino harroago dabiltzan honetan, nire mezu xume hau helarazi nahi diat, esateko, ikastolan irakaskide izan ginen garaian, hirekin ikasi nuela zer zen eskuzabaltasuna; esateko, hire umoreak ondu zizkidala izaera eta izatea; eta esateko -pilotan hi baino gehiago ninduan, hori bai- biziki estimatzen haudala, maite haudala.
Munduko boteretsuek ukatzen zigutek irria, ukatzen zigutek barrea, baina biok zekiagu amets dugun udaberria iritsi egingo dela, neguan bada ere.
Eta berriro egingo diagu irri, eta berriro egingo diagu barre, ibiliko gaituk larrez larre, akelarrez akelarre: bueno, hainbeste ere ez, beharbada, ez bainuke topo egin nahi ez jaun Lunbagorekin, ez andere Ziatikarekin... Hik bai...?