KRONIKA Kilometroak 2010
«Hona bostekoa», euskararen eta gure nortasunaren alde
Aurtengo Kilometroen baitan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek emanaldi berezia eskainiko dute apirilaren 18an. Itsasontzia hartuta, Pasaiako badian barrena egin zuten atzo pailazoek ikuskizunaren aurkezpena. Haurren barre-algarek iragarri zuten egun horretan gozamena ziurtatuta dagoela.
Oihane LARRETXEA
Urriaren 3a egun handia izango da Pasaia-Lezo Lizeoarentzat, egun horretan ospatuko baitu Kilometroak 2010 jaialdia. Testuinguru hori hizpide hartuta, «Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Boxtonen lagunak» ikuskizuna aurkeztu zuten atzo pailazoek. Antolatzaileen arabera emanaldi «berezia» izango dena Donostiako «Ciudad San Sebastian» itsasontzitik aurkeztu zuten.
Porrotx eta Marimototsekin batera nabigatzeko asmoz Pasaia-Lezo Lizeoko 6. mailako ikasleak bertaratu ziren. Baten ile urdinak eta bestearen koloredun gonak noiz ikusiko zain, urduritasuna handitzen zihoan denborak aurrera egin ahala.
Irakasleak zeruari begira hasi ziren, une batetik bestera zeru-sabai gris hartatik euri tantak erortzear zeudelako. Eta haurrek, bestalde, eguraldiari jaramon handirik egin gabe, oihu batean «Non daude?» galdetzen zuten, saltoka, zutik geldirik ezin egonik zeudela. «Lasai, lasai!», agintzen zieten irakasleek giroa apur bat lasaitzeko ahaleginean.
Baretasunak gutxi iraun zuen «Katxiporreta!» ozenaren atzetik heldu baitziren pailazoak. «Ba al dakizue igeri egiten?» galderaren aurrean, aho batez «baaai!» erantzun zuten umeek. Arrapaladan itsasontzira sartu ondoren, kapitainak sokak askatu eta badian barrena abiatu ziren.
Motorrak martxan jarri bezain laster, pailazoen eta txikien artean jai giro bikaina sortu zen. Abesti, txantxa eta barre algara artean Igor Elortzak, Kilometroetako koordinatzaileak, eman zituen jakitera ikuskizunaren nondik norakoak. «`Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Boxtonen lagunak' emanaldia polita izango da, Kilometroetarako bereziki egokitu baita ikuskizuna», adierazi zuen.
Euskara oinarri
«Hezkuntza proiektua badiaren inguruan garatu dugu, badiak elkartu gaitu, eta horregatik, agerraldi hau badian bertan ospatzea aukera ezin hobea zela pentsatu genuen», argitu zuen Junkal Mintegiak, Lizeoko lehendakariak. Pailazoen ikuskizun berria, euskararen aldeko bultzada gisa deskribatu zuten bertan bildu zirenek. «Guraso garen aldetik, seme-alaben heziketaren alde egiten dugu -gaineratu zuen-, eta heziketa horretan euskara dugu oinarri». Ildo horretatik, Mintegiak nabarmendu zuen, Pasaiako eragile, hezitzaile eta kultura elkar-teek elkarlanean jardun dutela «euskaraz eta gure kulturaz gozatzeko».
«Gora euskara!» oihuaz borobildu zituen Porrotxek Mintegiaren hitzak. Horren ondotik, «gora ikastola!» eta «gora Euskal Herria!» entzun ziren, baita momentuko zirrarak eraginda, Marimototsek bota zuen «gora Olentzero!» ere.
Une txiki batez txantxak alde batera utzita, «euskara, alaitasuna eta ikastolak zabaltzeko jaioak» direla esan zuen Porrotxek, eta jaialdian «kantu, dantza, brinko eta irrintzi» asko egingo dela iragarri zuen.
Elortzak adierazi zuen ikuskizuna apirilaren 18an, 17.00etan, izango dela, Lezoko Bekoerrota kiroldegian. Dena den, sarrerak martxoaren 29tik aurrera salgai izango dira, besteak beste, Trintxerpeko Erdibana, San Pedroko Begihaundi eta Donibaneko Pariberri tabernetan.
Emanaldi horrekin gertuago izango da Kilometroak ospatzeko eguna, nahiz eta aurretik egiteko asko dagoen. Esaterako, Boxton pertsonaiak duena, berea baita «Hona bostekoa!» leloa lau haizetara zabaltzeko ardura. Olatu kulunken artean, «Bostekoa euskarari!» eta «bostekoa gure nortasunari!» oihuez haurrek Boxton lagundu zuten, badia atzean txiki egin zen arte.