GARA > Idatzia > Mundua

Errepublikanoek Obamaren erreforma oztopatzeko zirrikitua topatu dute

AEBetako presidente Barack Obamak bultzatu duen osasun-sistemaren erreformaren aurka egiteko zirrikitu bat aurkitu dute errepublikanoek bozketan izandako akats batean. Ordezkarien Ganberak berriz bozkatu beharko du erreforma aurrera atera dadin.

GARA |

Barack Obama presidentearen osasun-sistemaren erreformaren aurka dauden errepublikanoek garaipen txiki bat izan zuten ostegun goizaldean, legearen bi atal bertan behera uztea lortu zutenean. Gauzak horrela, Ordezkarien Ganberak bozketa berri bat egin behar izango du.

219 boz alde eta 212 aurka jasota, igandean Obamaren osasun-sistemaren erreformarako araua onartu zuen Ordezkarien Ganberak. Asteartean, lege berria sinatu zuen Obamak Etxe Zuriko East Room delakoan egin zen ekitaldian.

Horrekin batera, Ganberak legeari gehitutako emendakin sorta bat ere onartu zuen, abortuaren aurkako demokrata talde batek arauaren alde bozka zezan lortzeko.

Emendakin sorta hori Senatuan ere aldaketarik gabe onartzea espero zen, baina ez zen horrelakorik gertatu. Errepublikanoak osasun-sistemaren erreformaren aurka borrokatzeko edozein tresna erabiltzeko prest ziren eta prozesua oztopatzeko aldaketa zenbait aurkeztu zituzten.

Asteazkenean, Senatuan, errepublikanoen proposamenak banan-banan atzera botatzeko saio luze bati ekin zioten. Alabaina, ordu luzeak igarota, ostegun goizaldean oposizioak garaipena lortu zuen, proiektuan zehaztutako bi diru-hornidurak Aurrekontu Arauaren aurka egiten zutela frogatu baitzuten.

Diru-hornidura horiek berez ez dira garrantzitsuak. Diru-laguntzak behar dituzten ikasleentzako bekak arautzen dituzte. Baina errepublikanoek Obamaren erreforma oztopatzeko baliatu dituzte, eta, horren ondorioz, Ordezkarien Ganberan bozkatu beharko dute erreforma osoa berriro.

Legegintza-ganberako iturriek azaldu zutenez, Ordezkarien Ganberak berriro ere aparteko arazorik gabe onartzea espero dute. Ondoren, Obamak berriro sinatu beharko luke lege berria.

Asmoa Aste Santuko oporrak hasi baino lehen prozesu guztia amaitua izatea da. Horretarako, gaur hasiko dute prozesua. Dena den, garaiz iristeko arazo dezente izango dituzte.

Erreforma azaltzeko bira

Bien bitartean, Obamak herritarrei sistema berriaren onurak azaltzeko AEBetan zehar egingo duen bira hasi zuen atzo Iowan.

Uneotan erreformaren alde dauden eta aurka dauden herritarren kopuruak berdintsuak dira. Gallup enpresak egindako ikerketa baten arabera, estatubatuarren %49k bat egiten du Obamaren erreformarekin eta %40k, berriz, aurkako iritzia du.

Aldaketa nabarmena gertatu da beraz, Kongresuan izandako bozketa baino lehen, osasun-sistemaren erreformaren aurka zeudenak gehiengoa zirelako.

mehatxuak

Osasun-sistemaren erreformaren alde bozkatu zuten hamarren bat ordezkari demokratak babesa eskatu behar izan dute heriotza mehatxuak jaso dituztela-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo