GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

«Siamo tutti in pericolo»

Iñaki LAZKANO

Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzietako irakaslea

Furio Colombo kazetariak egin zion azken elkarrizketa Pier Paolo Pasoliniri, 1975eko azaroaren 1ean. Arratsaldean elkartu ziren biak eta luze jo zuen solasaldiak. Amaitu zutenean, elkarrizketari zein izenburu jarriko ziokeen galdetu zion zinemagile italiarrari Colombok. Gogoetaren baso ospelean galdu zen Pasolini orduan. Pentsakor. Supituki, erantzun gehienen itzalean ezkutatutako kezka biluzi zuen: «Ezin duzu jakin une honetan nork duen zu hiltzeko asmoa. Jar ezazu titulu hau, nahi baduzu: `Denok arriskuan gaude' ». Ordu bakar batzuk geroago, Ostian hil zuten Pasolini.

Bertsio ofizialaren arabera, Pino Pelosi prostitutu gazteak hil zuen Pasolini. Inork gutxik sinetsi zuen, ordea. Aste honetan bertan, kasua berriz ireki dadin eskatu du Walter Veltroni buru duen intelektual eta politikari talde esanguratsu batek Italian. Antza, eskuin muturrak prestatutako segada batean erori zen Pasolini. Filmatu berri zuen «Salò o le 120 giornate di Sodoma» (1975) polemikoaren argazki-film lapurtuak itzuliko zizkiotela esan ziotelako joan zela Ostiara dio-eta Sergio Citti zinemagileak. Halaber, benetako hiltzaileen mendekuaren beldur zelako hartu zuela bere gain krimena aitortu zuen Pelosik berak ere duela bost urte.

Anteo Zamboni anarkista nerabeak Benito Mussoliniren aurka egin zuen atentatuan Il Duce-ren bizia salbatzeagatik egin zen ezagun Pasoliniren aita. Hortaz, ondo baino hobeto ezagutzen zituen faxismoa eta bere arriskuak «Il Vangelo secondo Matteo» (1964) maisulanaren egileak. Pentsalari deserosoa zen Pasolini 70eko hamarraldiko Italian eta horrexegatik hil zuten. Arrazoi politikoengatik.

Faxismoaren arriskua ez zen Pasoliniren kezka bakarra, ostera. Sistema bera du jomuga. Faxismoak bainoago, gizartea menperatzaile eta menperatuen artean banatzen duen hezkuntza sistema makurrak kezkatzen zuen-eta Pasolini. «Erdietsi», «eduki» eta «suntsitu» aditzak jokatzen irakatsi digun demokrazia inperfektuak, alegia. Eta, hori guztia gutxi balitz, eskola eta hedabideak ideia horien guztien berme direla ere salatu zuen. Ñabardura horiek guztiak, baina, malkoak euritan bezala galduko dira, ezinbestean. Eskuinarentzat ez ezik, ezkerrarentzat berarentzat ere Pasoliniren hitzak deserosoak direlako. Bertsio ofizial berriak bertsio ofizial zaharra ordezkatuko du aurki. Eta, zoritxarrez, ez da sekula gehiago guztiok arriskuan gaudela ohartaraziko digun ahotsik entzungo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo