GARA > Idatzia > Kultura> Musika

«Orain arteko esperientzien batuketaren emaitza da gure musika norabidea»

p046_f01_195x124.jpg

Iñigo GARRIDO, Rober GAITE eta Asier ARANBURU

R taldeko kideak

Koldo OTAMENDI

çR musika taldearen historia, Euskal Herriko edozein herri edo auzotako entsegu lokaletan sortzen den edozein musika talderen antzekoa izan daiteke. Eskola garaian musika zaletasunak bultzaturik koadrilako lagunak elkartu, eta musika tresnak lortzeari ekin zioten, 16 urte besterik ez zituztenean. Gitarrak erosi, bateria lortu, baxua eskuratu... Gauzak horrela, eta entsegu lokaleko arazoa konponduta, 1996. urte inguruan R musika taldearen bidea marrazten hasi ziren.

Lehen kantak, lehen kontzertuak, lehen grabaketak... Horrela egiten da bidea musikan. Horrela izan zen R taldearen bidea ere. Lehen urte horietan kontzertuak nagusi izan ziren R taldean, baina maketa bat grabatzeko, eta GARA egunkariak martxan jarritako musika talde gazteen disko bilduma batean parte hartzeko denbora ere izan zuten.

2003an iritsi zitzaion R taldeari aurrez ereindako hazien fruitua jasotzeko ordua. Urte borobila izan zen Andoaingo taldearentzat. Bilbo Hiria musika txapelketan Euskal Herriko musika talde onenaren saria lortu zuten, eta Metak zigiluaren gonbita jaso zuten, «Hedatuz» iraupen luzeko lehen lana grabatzeko. Kontzertu ugari etorri ziren diskoa aurkezteko, eta bi urteko bira amaitu ostean, entsegu lokalean sartu ziren berriro musika talde baten ziklo naturala osatuz. Zuzeneko emanaldirik eskaini gabe emandako urte luzeak, taldearen desagerpena ere irudikatu zuen zale askorentzat. Alta, isilpeko lanean aritu zen garai horretan hirukoa, disko berrirako materiala lantzen eta garatzen, bidean ikasitakoa oinarri hartuta. «Taldea ez da inoiz desagertu, nahiz eta zuzenekoak alde batera uzteak hori pentsatzea ekar dezakeen», adierazi digu Iñigo Garrido taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak.

Hirukote

Garridorekin batera, Rober Gaite (baxua) eta Asier Aranburu (bateria) dira egun R taldea osatzen duten kideak. Bidean, Iosu Mikelarena geratu zen, lehen diskoko bira amaitu eta gero, taldea utzi zuelarik beste afizio batzuei kasu egiteko. Lauko izatetik, hiruko izaterako bidean, estrategia aldatu behar zuten ezinbestean, eta taldean gitarraren presentziak garrantzitsua izaten jarraitzen bazuen ere, jotzeko era garatu egin zen, base erritmikoaren tinkotasunaren mesedetan. Iñigo Garridoren esanetan, «gitarra-jotzaile berri bat gehitzearen aukera kontuan izan arren, garbi genuen taldeak aurrera egitekotan bere nortasunari eutsi behar ziola, eta hori soilik hirurok lor genezakeela».

Gauzak horrela, kantu zaharrak moldatzen eta konposizio berriak sortzen hasi zen Andoaingo taldea musika norabidean beti ere aurrerapausoak emanez: «Pisu erritmiko, ahotsa eta gitarra bakarraren arteko oreka lortzea izan da gure lana urte hauetan, eta honek ere musikalki garatzeko aukera eman digu». dio Garridok.

Grabaketa lagunen artean burutu zuten, estudio profesionalen presiotik at, eta teknologia berriek ematen duten baliabideak lagun. Usurbilgo Sutegi antzokian abiatu zuten saiakera, aurre-maketa bat eta lan berriaren bateriak grabatuz, aretoak ematen dituen aukerak probestuz. Andoaingo Astikrust estudioetan, berriz, gitarrak, baxua eta ahotsak grabatu dituzte, Xabier Astigarraga soinu teknikari lanak egiten dituelarik. «Lasai eginiko grabaketa izan da, kanta bakoitzari behar duen denbora eskainiz, lana guztiz borobildu arte», adierazi digu Iñigok grabaketa prozesuaz galdegindakoan. Azken batean, kontratu diskografikorik ezean, taldeak berak markatzen du lan ildoa, zigiluen presio edo data kontuak baldintza izan gabe. Behin grabaketa prozesua amaituta, emaitza Karlos Osinagaren esku utzi dute kantuen masterizazio prozesua borobiltzeko. Diskoaren argitalpena azkenik, Bonberenea Ekintzak zigiluaren babesa izan du.

Sentimenduei buruz

«Uneak» diskoa lan kontzeptuala ez izan arren, kantuen hitzek badute nolabaiteko norabide zehatz bat: egunerokoan bizi daitezkeen egoera ezberdinak azaltzen dira diskoaren bederatzi kantuetan zehar. Zentzu horretan, kantuen letrak dira R taldearen izaeraren lagin bat: «Gehienbat sentimenduen inguruan mintzatzen gara. Diskoaren izenburua ere hortik dator, bizitzan zehar ematen diren une desberdinak adieraztea: ilusioa, etorkizun kontuak, egonezina...». Orokorrean testu nahasiak dira, bigarren entzunaldi edo irakurketa behar duten horietakoak. «Inoiz ez gara izan hitzen bitartez mezu zuzen bat bidali izan duen taldea», zehaztu du gitarra-jotzaileak.

Asteburu honetan jarriko dute martxan «Uneak» diskoa aurkezteko kontzertu biraren bigarren txanpa, taldeko bi kideek izandako umeek, eta horrek dakarren erantzunkizunak, hiru hilabeteko etenaldia ekarri eta gero. Kontzertu berezi horretan zer eskainiko duten galdeturik, Iñigoren erantzuna zehatza da: «Disko berriaren aurkezpena egingo dugu nagusiki, aurreko diskoetako kantu batzuk ere barneratuz. Guretzako plazer handia izango da hamar urte pasa ostean, Berri Txarrak bezalako talde batekin berriro agertokia partekatzea. Emanaldi xume bezain gogoangarri bat eskaintzen saiatuko gara taula gainean dugun guztia eskainiz».

HITZAK

«Hitzetan nagusiki sentimendu ilunak eta nahasiak agertzen badira ere, abesti guztiak batuz gero, baikortasun kutsu nabarmen bat azaleratzen da»

Fitxa

Taldea: R.

Diskoa: `Uneak'.

Diskoetxea: Bonberenea.

ZUZENEAN:

BIHAR, Barakaldo (+ BTX).

Apirilak 16, Sarobe (Urnieta).

Apirilak 23, Cheyenne (Anoeta).

Apirilak 30, Gaztetxea (Zarautz).

www.myspace.com/rtaldea

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo