«Eskuz lurrari» lotuta dakar Pello Ramirezek ametsezko lan berria
Iradokitzaile eta koloretsu, Pello Ramirez biolontxelo eta akordeoi jotzaile ordiziarrak bere aitari eskainitako «Eskuz lurrari» lan koloretsu eta irekia eman du argitara Elkar etxearekin.
Anartz BILBAO | BILBO
Pello Ramirez (1966, Ordizia) musikari ezaguna da gurean, makina bat lanetan jo izan baitu soinua eta txeloa estudioko musikari gisa. Alta, bakarlari legez, «Haize oihalak» eman zuen 2005ean, eta orain gutxi Alos Quartetekin -Zarautzen joko dute larunbatean- «Hamar tanta» (No Cd Records) plazaratu ostean, bakarkako bigarren emaitza plazaratu berri du, «Eskuz lurrari» deitu lan iradokitzailea.
Elkar etxeak argitaratu duen lanak Pello Ramirezek sortutako musika du bere osotasunean, baina ordiziarrak, Mikel F. Krutzaga ekoizlearen laguntza paregabearekin, lan mardula egin behar izan du konponketak sortu eta diskora makina bat musikariren ekarpena biltzeko. Izan ere, lagun askoren partaidetza izan du Ramirezek lana grabatzerakoan. Tartean dira Oliver de Castro (tronpa), Gurutz Bikuña (gitarrak), Xabi Lopez (bateria), Xabier Zeberio (nickel harpa eta biolina), Francisco Herrero (biolina) eta Juantxo Zeberio (pianoa), Aritz Villodas (tinbal programazioa) eta Mikel F. Krutzaga (baxuak) musikariak, Bego Araiztegi, Nerea Soto eta Jessica Canterok osaturiko ahots hirukotea eta Katrin Iturraldek zuzendutako Ordiziako Oroith abesbatza -aurreko lana guztiz instrumentala zuen-. Eta Ramirezek berak, musika ontzeaz gain, bere gain hartu ditu biolontxeloa eta akordeoia.
Akordeoirekin maiteminduta
«Jarrera klasikoarekin, naturatik hurbil dago» Ramirezen lana Valdes Elkar etxeko arduradunaren esanetan, eta musika hutsa izanik, «mundu abstraktura» garamatza -soinu banda tankerakoa izan daiteke lana-.
Ramirezen beraren esanetan, aurreko «Haize oihalak» lanaren ondoan -barnerakoia omen zen hura- askoz koloretsu eta irekiagoa da «askatasun osoz» sortu duen honakoa, instrumentazio aldetik zabalagoa. Eta tresnen artean, akordeoiak darama haria, txelo soloak ere badiren arren. «Haurra nintzela ikasi nuen eta barneratuta dut akordeoia», aitortu zuen atzo Ramirezek- eta azken urteetan maiteminduta nago akordeoiarekin».