GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Artedrama Euskal Laborategia Aulestira itzuliko da bosgarrenez

Artedrama Euskal Laborategia arte eszenikoetan euskaraz lan egiten dutenen topagune bihurtuko da bosgarren urtez. Apirilaren 5etik 11ra bitartean, Aulestin bilduko dira aktore, zuzendari, antzerkigile eta antzerkizaleak. Irakasle lanetan Ander Lipus, Manex Fuchs, Gaitzerdi, Pierre Vissler eta Xabi Strubell arituko dira, eta gauero doako ikuskizunak eskainiko dira.

Ane ARRUTI | BILBO

Antzerkia euskaraz bakarrik ez, euskal antzerkia egitea du helburu nagusi Artedrama Euskal Laborategiak (ADEL). Horretarako, Aulestin elkartuko dira bosgarren urtez astebetez. Aurtengo edizioa ere profesional zein ikasleei bideratuta dago, azken finean, «euskaraz sortzen dugunon topaketa baita», azaldu zuen Ander Lipusek, antolatzaile eta irakasle moduan parte hartuko duenak.

Bi euskarri nagusi izango ditu ADELek. Lehenengoari dagokionez, «euskaraz antzerkigintzaren alorrean formakuntzaren transmisioa sustatzea» espero dutela azaldu zuen Lipusek, «euskaraz badagoelako hutsune bat». Parte hartuko duten hamalau ikaslek ikastaro trinkoak jasoko dituzte. Aurtengo irakasleen artean, Ander Lipusekin batera, Le Petit Theatre de Pain konpainiaren sortzaile Manex Fuchs ere arituko da.

Bilboko Gaitzerdi konpainiako Iñaki Ziarrusta eta Borja Ruizek ere beren ezagutzak transmititzen saiatuko dira. Ziarrustak atzo azaldu zuenez, «askotan presagatik, epeengatik... erdaraz egiten ditugu antzezlanak eta gero euskarara itzuli. Euskaraz egiten dugu, baina ez da euskal antzerkia».

Zuberoatik iritsiko da Pierre Vissler antzerkigilea eta, amaitzeko, Xabi Strubell hondarribiarrak musika eta arte eszenikoaren alorra jorratuko du.

Ikuskizun irekiak

ADELen bigarren euskarria, Aulestiko herriari eta, oro har, inguruko eskualdeetako jendeari eskaintzen zaizkion ekitaldiak direla azaldu zuen Lipusek. «Bertan gaudela aprobetxatuz, diziplina anitzeko emanaldiak egingo ditugu irakasleok».

Hilaren 6an, asteartea, Josu Martinezek zuzendutako «Itsasoaren alaba» dokumentala emango da 21.00etan hasita, udal aretoan. GALek hildako Mikel Goikoetxea Txapela-ren alabaren gogoetak agertzen dira bertan. Asteazkenean, ordu eta leku berean, Doro Zobaran ipuin kontalariak «Munduan beste asko lez» ikuskizuna eskainiko du. Ostegunean, antzerkiaren txanda izango da. Le Petit Theatre de Pain taldeak «Aulki hutsa» lana aurkeztuko du. Joseba Sarrionandiaren hitzetan oinarrituta, Lipusen zuzendaritzapean arituko da Fusch aktorea.

Ostiral eta larunbatean, bina funtzio programatu dituzte. Hebentik talde zuberotarrak «Har eman» antzezlana egingo du 21.00etan udal aretoan. Gero, iazko «Udaltzainak» ikuskizunaren ondotik datorren «Vizkartzainak» «bertso saio berezi eta ganberroa» egingo dute Fredi Paiak, Arkaitz Estiballesek eta Lipusek, musikaz lagunduta.

Larunbatean, musikan eta inprobisazioan oinarritutako Strubell, Lipus eta Miren Gaztañagaren «Eta nik ere sagar bat daramat nire baitan» performancea egingo da frontoian eta, gero, aste osoari amaiera borobila emateko, Gose eta Zura taldeen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo