G6120 Hollow Body
Anartz Bilbao
Musikazalea
Gasteizko erakusleiho batean ikusi zuen aurrenekoz, kamioneta zaharrarekin Goya gozotegira genero bila joana zela. Gorrixka, distiratsu, borobil eta eder.
Artean, frontoitik lanera eta buelta frontoira, ez zuen besterik. Eta rock & rolla, beti buruan. Pilota joka edo biltokian lanpasa pasa, odola irakiten eta rock & rolla buruan. Erabakia hartu zuen arte, lan eta lan, egin aurrezki guztiak aldean hartu zituen arte.
Eguna argitu orduko martxan zen kamioi zaharrean Trabakuan gora. Tximista baino zorrotzago nahian, Galizian trapitxeorako erabilitako Ivecoaren motorra ito beharrean zeraman errepidean, eta mutu burmuinean. Gogoan Mark Arm baino ez zeraman eta, «Touch Me, I´m Sick» ezin ozenago oihukatuz, edo Ron Asheton, «Search & destroy» ezin ozenago oihukatuz.
Merkabilbaon tratua itxi, generoa erosi eta isotermoa agudo beteta, etxerako bidea hartu beharrean errepidean zen berriro, Gasteizera begira. Bolante aurrean eta ametsetan, Brian Setzer legez, burua astintzen, Elvis Presleyk moduan gerriari ezin eraginda. Bolan Discosen egindako indusketa lanetan aurkitutako disko ezin bizkorragoen, ezin herdoilduagoen protagonista bihurtuta, ametsetan. Txitxarroko iluntasunean, oraindik auto-stop egiten zen garaietan; odolean pozoia, begietan sua eta bihotza ahoan zuela ikusi, entzun, ukitu, usaindu eta dastatutako taldeak akorduan, `bera' gitarra-jotzaile balute legez, The Meanies, Mudhoney, Sonic Youth, Poison Idea edo beste askok, Pleasure Fuckersen gitarrari txinpartak `berak' aterako balizkio legez, Mike Sobieskiren ordez.
Konturatzerako, gurpilak ketan eta izerdi patsetan, Gasteizen zen berriro, poltsa bete diru soinean, erakusleihoaren aurrean, hortzak estututa, begiak zuloetatik kanpo eta esku-ahurrak, bentosak legez, kristalarekin bat eginda; inoiz Chet Atkins edo Eddie Cochranek eskuetan izandako tresna ederrari so, bere ametsetan berdin edo hobeto jotzen zuen tremolo eta palankadun gitarrari so.
Badira ia bi hamarkada dendako atea ireki gabe buelta erdia eman eta esku hutsik etxera bueltatu zela -ez galdetu zergatik-, eta geroztik damua mamu bihurtu zaio, oraindik sarri jotzen baitu airean erakusleiho hartan ikusitako gitarra gorrixka, distiratsu, borobil eta eder hura. Rock & roll izar bihurtuko zuen Gretsch gitarra.
Eta «hemen eta orain» lelozalearen gertakizuna nire egiten dut, sakon-sakonean Cosimo Piovasco de Rondoren osaba Enea Silvio Carregaren espirituak -«Il barone rampante», 1957, Italo Calvino- bizi nau eta.
* Benetako gertaeretan oinarrituta eta Reverend Horton Heat eta Heavy Trash entzun bitartean idatzia.