GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ANTZERKIAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Antzerkigintzaren «bidaia» gorabeheratsuaren bueltan

Agurtzane Intxaurragak zuzenduta, «Aitarekin Bidaian» antzezlanak Donostia Antzerki Saria jasoko du bihar Victoria Eugenian, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean. Saria gogoz jaso dute zuzendariak berak eta parte hartzen duten aktoreek eta musikariak, baina antzerkigintzaren geroa nahiko ilun ikusten dute guztiek. Bultzada bat behar duela iritzi diote eta, administrazioen diru laguntzez gain, programatzaileek gehiago arriskatu beharko luketela uste dute.

p034_f01_035x043.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Euskal antzerkigintza ez dago bere garai onenean. Lakuako Gobernuak eta lurraldeetako Aldundiek diru laguntzak nabarmen jaitsi dituzte krisiaren eraginez, eta horrek eragin zuzena izan du Euskal Herrian loratzen diren sorkuntza berriengan. Haien apustua ekitaldi handiak egitea da, ekoizle txikien etorkizuna noraezean geratzen den bitartean.

Bihar ospatuko da Antzerkiaren Nazioarteko Eguna, krisiak gogor jotako sektorearen eguna, hain justu. Bihar banatuko dira, halaber, Donostia Antzerki Sariak, Victoria Eugenian egingo den ekitaldi apal batean. Aurtengoan, Aintzane Intxaurragak zuzendutako «Aitarekin Bidaian» (Hika Teatroa) antzezlanak jasoko du saria. Juan Luis Goenagaren artelan bat eta 10.000 euroko saria bereganatuko du konpainiak. Pozik daude lortutakoarekin, baina beraiena «salbuespena» dela adierazi zioten atzo garari Jose Ramon Soroiz aktoreak, Jabier Muguruza musikariak eta Intxaurragak berak.

Zuzendariak «asko arriskatu» zuen obra hori gauzatzeko orduan. «Horrelako egoera batean, badakizu estreinaldia iristen denean distira eragin behar duzula, jendea gustura atera behar dela aretotik eta kritika onak jaso behar dituzula. Hainbesteko eskaintza dago merkatu honetan, eta hain eskaera gutxi, oso zaila dela gauza biribilak egitea», aitortu zuen.

Kasik diru laguntzarik gabe abiarazi zuen Arantxa Iturberekin batera idatzitako lana eta bere burua asko estutu behar izan zuen emaitza ahalik eta onena izan zedin. «Ezin nintzen konformatu zazpiko puntuaketa lortuta; gutxienez bederatzi bat lortu behar nuen, gehiegi arriskatu baitut bidean». Arriskatzea da, bere iritziz, Euskal Herriko antzokietako programatzaileek egin beharko luketena. «Programatzaileek jende gehien erakarriko duten obrak hautatzen dituzte eta guztientzako tokia egon behar du eremu horretan, antzerki alternatiboarentzat, esperimentalarentzat, tradizionalarentzat... Toki askotan kasik ez dago dirurik, eta ikuskizun ziurragoak kontratatzen dituzte».

Euskarazko lana izatea, gainera, oztopo izaten da kasu askotan, gaztelaniazkoek bultzada gehiago izaten baitute ikusleen artean. Nolanahi ere, pozik agertu zen orain arte lortutako emaitzarekin. «Euskarazko lan bat aurkeztu dugu, drama bat da gainera, baina arrakasta handia lortzen ari garela uste dugu. 32 emanaldi eskaini ditugu orain arte, eta oso pozik gaude zifra horiekin, baina zein gutxirekin konformatzen garen gaur egun!», esan zuen. «Orain bost urte, 80 emanaldi egiten genituen gutxienez, eta orain 40 egitea arrakasta itzela lortzea da», gaineratu zuen. Bere ustez, Bilbon egitekoa den Arte Eszenikoen Zentroak gaur egungo egoera irauliko luke. «Madrilen, Bartzelonan edo beste lekuetan dagoen moduan, Euskal Herrian ere beharrezkoa da horrelako zentro bat izatea», adierazi zuen. Izan ere, gaur egun interpretazioa, dramaturgia edo eszenografia ikasketak burutu nahi dituen edonor erbestera joatera behartuta dago edo, gainontzean, «intuizioz» lan egiten hasi beharko luke. «Horrek, batez ere loraldi berri bat ekarriko lioke lanbide honi. Horrelako eskola batekin, gauza gehiago sortzeko aukerak egon litezke», gaineratu zuen. Lanbideari eragingo lizkiokeen onurez gain, publikoarengan ere zeresana emango lukeela iritzi dio. «Jendeak horretara zuzenduta dagoen eskola bat badagoela jakingo luke eta gure lanbideari duintasuna emango lioke, gaur egun tailerren bitartez bakarrik funtzionatzen baitugu». Hala ere, interes politikoak tarteko, egitasmo hori gauzatuko ez den beldur agertu zen. «Ziur San Mames berria lehenago amaituko dutela».

Joko dramatikoa

Agurtzane Intxaurraga «joko dramatiko» batean murgildu da «Aitarekin Bidaian» lanarekin. Alzheimerra eta inkomunikazioa hizpide hartuta, aita (Jose Ramon Soroiz) eta semearen (Joseba Apaolaza) arteko elkarrizketa hutsalak eta, aldi berean, esanahi handikoak, biltzen ditu bihar sarituko duten sorkuntzan. Ikuskizunaren hasieran, bi aktoreak agertokia atontzen ari direnean, «biluztasunaren» bila aritu zen Intxaurraga, hasiera hasieratik publikoari «obraren gakoak» agerian utzita. Ondorengoa, aktoreen lana izango da.

Soroizek, alzheimerrak jota dagoen agurearen papera antzezten du eta, umorezko ateraldiak dituen arren, dramarik sakonenean ezartzen ditu interpretazioko giltzarriak. «Lan gogorra» izan dela aitortu zuen; «gogorra da pertsonaia sinesgarri egitea». «Hasieran oso galduta sentitu nintzen, pertsonaia pixka bat ulertzen hasi nintzen arte; momentu batean zaharrak bezala jokatzen du, beste batean gaztarora itzultzen da, haur baten antzera, eta gero berriro heldutasuna lortzen du. Hala ere, gauzak bere tokia hartzen ari direla ikusten duzunean, eta behin helburuak lortuta, asko gozatzen dut pertsonaia honekin», azaldu zuen.

Intxaurragaren «ideia argiek», lanerako orduan «asko lagundu» zutela aitortu zuen obrako aktorerik beteranoenak. «Bi urte zeramatzan gidoiarekin biraka, eta ideia argi zituela hasi zen lanean. Guk gidoia irakurri eta istorioa ulertzen genuen arren, lanerako oso gogorra izango zela bagenekien, ez genuelako antzezlanerako bloke osoa ikusten. Gure ezjakintasunarekin, berari bide berriak ireki zitzaizkion eta bere ideiak ere guri baliagarri izan zaizkigu», argudiatu zuen.

Agertokietan ikustea ohikoa den arren, antzerkigintzan gutxitan aritutakoa da, nahiz eta lanen bat edo beste egindakoa den. Jabier Muguruza kantuari eta musikari lotuta egon da beti eta, kasu honetan, musikagintza eta antzerkigintza uztartzeko aukera izan du. Bera, Soroizen alter egoa izango da, eta akordeoiaren doinuak baliatzen ditu antzezlaneko agurearen nahiak, beldurrak eta asmoak ikusleari helarazteko. Funtsean, bere pentsamenduak musikaren bitartez irudikatzen aritzen da. Nahiz eta bien artean hitz-erdirik egiten ez duten, «komunikazio handia» dagoela azpimarratu zuen. «Momentu batzuetan, Jose Ramonen pertsonaiak adin batetik bestera salto egiten du bere gaixotasunaren eraginez, eta musikak ere jauzi bera egiten du. Ez da alderdi musikala soilik, osagarriak ere bagara», esan zuen.

Musikagintzaz hitz egiteko orduan, krisia albo batera uztea ezinezkoa izan zen eta euskal kantagintza jasaten ari den egoera larriaz ohartarazi zuen. Kulturaren eremu guztietan mamu berbera dabil, beraz.

GAZTELaniaZ

«Aitarekin Bidaian» euskarazko sorkuntza den arren, aurrerantzean gaztelaniazko bertsioan ere eskainiko dute. Etorkizunerako «tranpolina» izan daitekeela uste du Soroizek.

PERTSONAIAK

Soroizek alzheimerrak jota dagoen agurearen papera antzezten du; Apaolaza haren semea da, bera zaintzen desesperazioranzko bidean dagoena; Muguruzak zuzeneko musikaren bitartez hitz egiten du, aitonaren «alter ego»a da.

 
Jose Ramon Soroiz

Aktorea

Telebistara itzultzeko asmorik ba al duzu?

Antzerkia ederra da dena zuzenean egiten delako, ez dago mozketarik, ez errepikapenik. Hori oso sentsazio ederra da. Telebistak, berriz, diru gehiago ematen du, nahiz eta hori ere gainbeheran joan den. «Jaun da jabe», «Bi eta bat» eta «Martin» telesailetan parte hartu dut eta oraingoz ez dago ezer gehiagorik, baina gustura itzuliko nintzateke.

Zer ematen dizu antzerkiak?

Isiltasunak dira antzerkiak dituen gauzarik ederrenetakoak eta obra honek asko ditu. Hutsuneak betetzen dituzte isiltasun horiek. Ondo ari bazara, zuk eramaten duzu publikoa. Antzerkia zuzenekoa da eta zu benetan ari zara momentu horretan. Telebistak ez dauka magia hori. Aktore bat zuzenean lanean ikusi nahi baduzu, hori da oraingoz daukagun medio bakarra. Aktore bat, uste dut, bete, antzerkiak betetzen duela.

Obra batekiko maiteminik sentitu al duzu?

Bakar batekiko ez, bat baino gehiagorekiko. «Umekeriak» bakarrizketarekin oso gustura aritu nintzen, «Aitarekin Bidaian» ere oso ederra da, baina oroitzapen bereziekin gogoratzen ditut «Ama Begirazazu» eta «El Florido Pensil».

Agurtzane Intxaurraga

zuzendaria

Euskal antzerkian nahikoa oinarri eta azpiegiturarik ba al dago?

Batetik, sormen handia dagoela uste dut, baina ez dago benetako profesionalak sortzeko azpiegiturarik. Hemen zuzendari garenok zuzendari gara intuizioz eta bokazioz. Nik uste dut ahal dugun guztia egiten dugula, urte batzuetan besteetan baino gauza gehiago egon litezke, baina uste dut Euskal Herrian benetako profesionalak daudela. Ez dagoena da horiek zabaltzeko nahikoa bide.

Publikoa berriro hezi behar da kultura gehiago kontsumitzeko?

Ez dakit noizbait hezita egon den, behintzat antzerkia ikusteko. Egia da publikoa jaitsi egin dela, baina zentzu guztietan jaitsi da. Ohiturak aldatu egin dira. Dena etxean kontsumitzen da, dena etxetik manipulatzen da eta aisialdia oso zabala denez, gu ez gaituzte zaku horretan sartzen. Kultura domestikoa da nagusi gaur egun.

Etorkizunerako proiekturik ba al duzu esku artean?

Bai, badaude, baina ez ditut aipatu nahi. Gogoa eta ilusioa baditut. Orain, hasierako garaira itzuli nahi dut, taldea sortu zeneko garaira. Orduan dena bihotzetik egiten genuen, ez negozio baten ikuspuntu hain garrantzitsuarekin.

Joseba Apaolaza

aktorea

Telebistarako telesail bat grabatzen aritu zara Madrilen, «Aitarekin Bidaian» lanean ere parte hartzen ari zara, eta zinemarako film batean lanean ari zara gaur egun. Euskal Herriko aktore «todoterrenoa» al zara?

Nahi eta nahi ez todoterreno izan beharra daukagu. Orain hiru arlo horietan lan egitea egokitu zait, eta eutsi beharra dago. Gure lanbidean tamaina hartzea izaten da zailena askotan. Gauzak bata bestearen atzetik etortzen dira batzuetan, datekin bat egitea ez da erraza izaten... baina gauzak hala izaten dira normalean, nahiz eta antzerkian lan asko egin, oso zaila delako horretatik bakarrik bizitzea.

Hiruretatik zein eremutan sentitzen zara ondoen?

Antzerkian, dudarik gabe. Akaso gehien egin izan dudana delako. Askeago sentitzen naiz, lana zeure esku dago.

Zein da antzerkiaren magia?

Momentu batean toki batean egiten den gauza bat da, zeremonia bat da azken finean. Ikusleak beste jarrera bat dauka eta gure lana da momentu batean sinetsaraztea hor gertatzen ari dena egia dela. Hori helarazi behar diogu ikusleari, hori da funtsean antzerkiaren magia.

Jabier Muguruza

Musikaria

Nola sentitu zara antzerkigintzan zure musika txertatzen?

Oso lan desberdina da. Kontzertu batean nik ematen dut aurpegia jendaurrean, kasu honetan dena dago oso entseatuta eta momentu bakoitzean badakit zer egin behar dudan. Entseguetan, aktoreek zer egiten zuten ikusi ahala, melodiak konposatzen joan nintzen.

Musika, antzerkiaren antzera, ez dago bere garairik onenean.

Aurrekoan Natxo de Felipek esaten zuen bezala, euskal kantariak disimuluan bizi gara, baina ematen du dagoeneko batzuk hasi direla esaten denok geldi samar gaudela. Antzerkian «Aitarekin Bidaian» salbuespena izan da eta lanean ari gara, baina kantagintza une honetan geldirik dago.

Soroizekin bazenuen harremana lehenagotik, ez da gauza berria beraz.

Orain dela hamabost urte Suristan aretoan eman genuen kontzertu bat ikustera etorri zen. Gero sekulako parranda egin genuen. La Boca del Lobo aretoan amaitu genuen azkenengo garagardoa edaten eta esan genuen: «Noizbait elkarrekin lan egingo dugu» eta begira non gauden, nahiz eta lehenago beste proiektuetan ere elkarlanean aritu garen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo