GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Besteen trapuei begira

Maila batean edo bestean, guztiok dugun akatsa da. Zaila da nork bere gabeziak eta egiten dituen hutsegiteak ikustea; parean daudenenak, ordea, nahi gabean, argi azaltzen zaizkigu begietara. Joera errotua da eta euskal atsotitzen zerrendan makina bat adibide topa ditzakegu. Niri guztien artean bat gustatu zait: «Besteen akatsak ikusteko antiojo beharrik ez». Zuzena eta argia, azalpen beharrik gabekoa eta batek baino gehiagok beretzat hartu beharko lukeena.

Betaurreko behar handirik gabe erreparatu die Eliza katolikoak herritarren «akats» eta «bekatuei». Aspaldian bera da, ordea, egunkarietako lehen orri gehiegitxo betetzen ari dena. Eta ez, ohikoa den moduan, onaren eta txarraren arteko marra indartzen, ez hatz erakuslea altxatuta, tinko eta begirada zorrotzez; etxeko trapu zikinek bera jarri dute oraingoan jomugan, gizartearen begietara «bekatari». Gurean, Txilen atxilotu eta epaitu duten apaiz euskaldunaren kasuak jarri du pederastiaren gaia mahai gainean. Arrasaten, Basaurin eta Estatu espainoleko hainbat herritan eskolak ematen aritu zen apaizari pornografia artxibo ugari topatu omen dizkiote, laurehun bat ordu, eta horietan, besteak beste, bera agertzen gaztetxoei sexu erasoak egiten agertzen omen da. «Sozialki onartua zegoela» uste omen zuen, hori argudiatu du.

Txilen epaitu duten euskaldunaren kasua ez da, ordea, salbuespena. Aspaldi honetan pederastia kasuengatik da protagonista Eliza katolikoa. Zurrunbiloan nahastuta, Vaticanoari, gogoz kontra bada ere, komunikatu bat plazaratzea beste erremediorik ez zaio gelditu. Ederra komunikatua. Tranpatan harrapatu duten haurtxoaren jarrera hartzea baino ez zaio bururatu: «Ni bakarrik ez naiz izan, besteek ere egiten dute». Bai, pederastia kasuak Eliza katolikoaren baitan bakarrik ez direla gertatzen nabarmentzen du, besterik gabe. Ez zaio arrazoirik falta, familia barruan gertatzen baitira kasu asko, baina hori esanda nahikoa al du?

Zurrunbiloaren baitan, zelibatuaren gaineko eztabaida piztu da orain, antza, batzuen ustez, pederastia kasuak murrizteko bidea litzateke. Eurak ikusiko dute etxeko trapu zikina nola garbitu. Horretarako, ordea, lehenik eta behin, besteen trapuetan orbanak bilatzeari eta hankartea begiratzeari utzi beharko diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo