GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jesus Mari Mendinueta, Gorka Labat eta Marine Pueyo Arbizuko alkatea eta Tafallako eta Iruñeko hautetsiak hurrenez hurren

AHT: inposaturiko proiektua

 

Berriro ere Nafarroako Gobernuko arduradunen jokabidea salatu beharrean aurkitzen gara. Oraingoan abiadura handiko trenaren proiektuaz eta berau eraikitzeak Nafarroako herri eta herritarrei eragingo lizkigukeen kalteez aritzea egokitzen zaigu.

AHT Nafarroan sekula planteatu den azpiegiturarik handiena da, proiektuaren dimentsioagatik, suposatzen duen diru xahutzeagatik nahiz ingurumenean eragingo lituzkeen kalte ekologikoengatik. Gure herrietako ordezkari garen aldetik eta ordezkatzen ditugun herritarren interesen defentsan, makroazpiegitura hau egitearen aurka agertzen gara, inolako zalantzarik gabe.

AHTk ez die nafar gehienen behar eta interesei erantzuten, are gutxiago trenaren ibilbideak zuzenki kaltetuko lituzkeen herrietako biztanleei. Azken urteotan udalei ematen zaizkien diru laguntzak murrizten ari direnean, Nafarroako Gobernua prest dago milaka milioi euro xahutuko dituen azpiegitura bat finantzatzeko; honek diru publikoaren xahutze ikaragarria suposatuko du, eta herritarrontzat funtsezkoak diren arloetan aurrekontuen murrizketa nabarmena ekarriko luke (osasungintzan, gizarte zerbitzuetan, pentsioetan, hezkuntzan, euskaran). Nafarroako Gobernua, gehienen beharren gainetik eta herritarren bizkarretik, elite ekonomiko-enpresarialaren interesak lehenesten ari dela uste dugu.

AHT eraikitzeak kapitalak gune urbano eta hiriburuak lotzeko dituen beharrei erantzuten die soilik; hau da, abiadura handiaren ezaugarri bereziak direla-eta, hiriburuetako populazioaren eta aktibitateen kontzentrazioa eragingo du, horrek AHTk bidean uzten dituen herriak txirotzea eta despopulatzea eragingo lukeen arren.

Komunikazioa erraztuko duen azpiegitura bat izan beharrean, AHTk gure herri eta hiriak beren artean inkomunikatu eta isolatu egingo ditu, bertakotasuna bermatzen duen tren-garraioa bazter batera utzi eta gutxiengo batek erabiltzen duen joan-etorri luzeko garraio mota lehenetsiz.

Ezin dugu onartu Nafarroako Gobernuak gai honi dagokionez duen jarrera inposatzaile eta antidemokratikoa. Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaz (UGPS) baliatuz, udaletxe eta kontzejuei dagozkien eskumenak husten ari da, udalek berezko duten parte-hartze eskubidea urratuz eta herritarrei, zuzenki eragiten dieten gaietan, erabakiak hartzeko duten ahalmena ukatuz.

Nafarroako Gobernuak inposaketarako tresna bezala ulertu eta erabiltzen du UGPS, helburu bakar batekin; dituen proiektuak aurrera eramatea, horretarako herritarren iritziari eta borondateari muzin egingo badio ere. Horren frogarik argiena Etxabakoitzeko AHTren geltokia dugu, non Nafarroako Gobernuak geltokia finantzatzeko 9.000 etxebizitza berri egitea aurreikusten duen. Ehunka pertsona hipotekatzera behartuko duen proiektu urbanistiko-espekulatibo honek etxebizitza promotoreen diru gosea asetzea besterik ez du bilatzen.

Nafarroako Gobernuaren jokaera ulergaitza egiten zaigu, agortuta dagoen garapen eredu sozio-ekonomiko bati hauspoa ematen segitzen duelako. Obra «faraonikoen» eta etxebizitzaren inguruko espekulazioan oinarritutako ereduan tematuta daude, krisi ekonomikoaren berri ez balute bezala. Erantzukizunez jokatzeko garaia da, Nafarroako Gobernua garaiz dago AHTren proiektua alde batera uzteko, porrot egin duen garapen eredu baten ikur nagusia delako.

Horregatik guztiagatik, proiektua eraiki ahal izateko egiten ari diren tramite guztiak geldi ditzaten exijitzen dugu. Nafarroako jendartean sakon eztabaidatu behar da azpiegitura honek eragingo lituzkeen gastu eta ondorioen inguruan, bai eta kaltetutako herri eta eskualdeen erabakia errespetatua izan dadin ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo