GARA > Idatzia > Kultura

Kultura eta industria uztartuko ditu «Argazkien Bilera»k gaurtik aurrera Zarauzko lau aretotan

Tokiko inprimategien industriari bultzada bat emate aldera, Zarauzko Photomuseumek «Argazkien Bilera» erakusketa abiaraziko du gaur herriko lau txokotan, hainbat argazkilari eta estudioren lanekin.

p049_f01_68x60.jpg

GARA | ZARAUTZ

Sarri entzun ohi da kultur arloko ekintzak esparru ekonomikorantz gerturatzen ari direla, laguntzak erdietsi eta beren ekintzak aurrera eramatearren. Zarauzko Photomuseumek tokiko inprimategien industriari bultzada eman nahi die eta arlo horretan egindako lanen erakusketa zabala abiaraziko du gaur, «Argazkien Bilera» izenburupean, herriko lau txokotan.

Ekintza horren helburua «merkataritza agenteen arreta jasotzea» dela esan zuten antolatzaileek, kultura esparruak «ondo baino hobeto lagun baitezake beste arlo batzuetan helburu eta estrategiei sena, intuizioa, argitasuna, teknika eta profesionaltasuna gehituz».

Beren iritziz, «bere sorreratik, argazkigintzak egindako eta egiten dituen ekarpenak ezin dira kolokan jarri», are gutxiago «eraginkortasuna bilatzeko orduan, kalitate dokumentala eta artistikoa ezinbesteko osagaiak direlako». Photomuseumek, beraz, «kultura eta ekonomiaren arteko hartu-eman estuagoak eta onuragarriagoak bultzatuko dituzten proiektuak» lantzen ditu bilkura horretan.

Erakusketak

Photomuseumen, Sanz Enean, Torre Luzean eta Bidea galerian izango dira zabalik erakusketa horiek, gaur hasi eta maiatzaren 30era arte. Areto bakoitzean, argazkilari baten lanak edota inprimategi batzuen ondarea izango da ikusgai.

Photomuseumek, esaterako, argazkigintza eta inprimategiak lotzen dituzten lanak bilduko ditu. Sanz Enean, Oskar Alegria iruindarrak Buenos Airesen ateratako irudiekin egindako muntaiak ikusi ahal izango dira. Torre Luzeak, William Boissel Baionako Euskal Museoaren sortzaileak egindako 108 argazki laminadun erakutsiko ditu. Bidea galerian, azkenik, Bilboko Luzart estudioan ateratako ezkongaien irudi zaharrak izangi dira ikusgai.

ARETOAK

Erakusketak Zarauzko lau aretotan izango dira: Photomuseumen, Sanz Enean, Torre Luzean eta Bidea galerian, eta inprimategi eta sortzaileen lanak bilduko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo