GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Xabier IZAGA Irakaslea

Kalera ateratzeko mila motibo

Konpainia multinazional bateko gerentea, banku bateko akziodun nagusietakoa, haien menpeko gobernu bateko kidea... izan ezean, nekez jo liteke onargarritzat sistema ekonomiko neoliberala. Bakan batzuk gero eta aberatsago egiten dituen aldi berean, gehienak gero eta pobreago egiten ditu, eta hori ez da literatura hutsa, ikusgai dauden datu errealak baizik. Inoiz ez dio uko egingo etekinak ateratzeari, ez oparotasun aldian ez krisi aldian, lagun askoren eta herri osoen miseriaren eta are heriotzaren kontura ere. Espekulazioan oinarritutako eredu horren erruz mundu osoa krisialdian dago eta, herritar guztien laguntzak jaso ondoren, lehengora itzuli da. Eta, hala ere, munduko gobernu gehienek, herritarrak ordezkatzen omen dituzten horiek, finantza-mundu ilunari kontrol estua ezarri beharrean, herritar xumeen egoera jasanezinagoa egingo duten neurri gogorrak edo, bestela esanda, eskubide murrizketak ezartzen ari dira. Grezian ez ezik, Estatu espainolean ere bai.

Horiek eta mila motibo gehiago daude langileak, langabeak eta herritar gehien-gehienak kalera ateratzeko, eredu neoliberalari, kapitalistari alegia, aurre egiteko. Horregatik atera nintzen kalera joan den larunbatean, Hego Euskal Herriko beste milaka lagunekin batera.

Hurrengo batean zerrendatuko ditut, arestian esandakoez gainera, 7.000tik gora lagunek iganderako Hendaia eta Irun artean deitu duten Aberri Egunera joateko hainbat motibo. Oraingoz, bat baino ez: abertzaleok bat egin dezakegula baieztatzeko modua izango da. Igandean errazagoa izango da Euskal Herrian marko demokratiko bat lortzea posible dela sinestea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo