GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello Zabala | eguraldi aditua

Pazko ilbetea

Astearte goizean, goizeko lehen orduetan, 2.27an osatu zen ilbetea. Udaberriko lehen ilbetea, hauxe «Pazko ilargi». Gure egutegiaren atal zabal bat antolatzen du: ilbete honen osteko igandea baita Pazko. Hor du aurretik garizuma, zeinak dantzarazten duen inauterien ingurumarian neguko festa giroa. Eta, egun hauetako festa egun eta opor giro guztia, hala nola etzitik aurrera datorren pazkoaldi luzea ere, ilbete honen ardatz-jiran doaz, Mentekoste eta Gorpuztira arte.

Neguaren bigarren atalak, eguna luzatzearekin batera, negu giroa maskaltze alderako joera azaldu ohi du, normalean. Hala, udaberriko lehen ilbete hau eguraldi epel antzekoa gaiztotzen dakiena eta gustatzen zaiona da. Pazko eguna mendietan elurra dugula ospatzea ez da hain arraroa gurean. Aste honetan hiru goizetan txuri genuen Aizkorri aldea.

Baina gatozen ilbete honen ekarrira. Aspaldi esan zuten Txina aldean -eta Txinako generoa ez da gaizki saltzen-, ilbetearen hirugarrenak zekarrela ilargiaren tonua; laugarrena eta bosgarrena biki paretsukoak izanik, halatsu gainerakoa, harik eta seigarrenak aldatzen ez bazuen.

Begira nola abiatu zen ilbetea: euri mardultxoa litrotan ekarriz; eguna argitu, eguzkia bai eta haize lasterrez euri; halatsu joan da bigarrena ere; hirugarrena, atzo, argiz hobeto eta haizez bareago; gaur arratsetik biharkora, eta handik igande goizera, uztarri berekoak biak... eta igande eguerditik gorako joerak marka dezake hurrengoena, Pazko aste argitsuz primadera alaitzeko. Txinan misiolari jator izandako bidaniar Bixente Labaka fraide sanoari jaso nion, eta prezio berean eman dizut. Erreparatu zerorrek, hala nahi bazenu.

Txinako jakituria zaharrak aspaldi harritu ninduen. Orain harritzen ez nauena, egungo zientziak nola ez duen gehiago asmatzen. San Jose egunez, bezpera eta biharamun, mapa-lista luzeenari erreparatu eta... atzo-gaur-bihar, hiru egunok izugarrizko elurte baten azpian pasa beharrean izango ginela ziurtatu nahi zidan. Eskerrak aldatu ziguten...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo