GARA > Idatzia > Kultura> Musika

«Gure musikak balio dezala eragin baltsamiko bat sortzeko entzulearengan»

P056_f01_195x9.jpg

Mikel Azpiroz

Elkano Browning Cream taldeko musikaria

Musikari bikaina da Mikel Azpiroz donostiarra, eta Elkano Browning Cream du berak ondutako kantuei bidea egiteko orain lau urte sortu zuen nazioarteko hirukotea, Matt Harding kantari eta gitarra jotzaile estatubatuarrarekin eta Franck Mantegari bateria jotzaile frantziarrarekin batera. Donostiatik mundura hedatu doinuak, groove-a oinarrian eta baikortasuna airean zabalduta.

Anartz BILBAO | BILBO

Mikel Azpiroz, Matt Harding eta Franck Mantegari musikariek 2006an plazaratu zuten Elkano Browning Cream talde finaren aurreneko lana, eta lau urteren buruan, bigarrena dakarte orain, are bero eta kulunkariago.

Zeure egitasmo pertsonal gisa ezagutu genuen EBC, eta berriro taldekide berberekin zatoz.

Banda osatu bat da Elkano Browning Cream. Aurreneko lana era naif xamarrean egin genuen. Proiektuaren hasiera zen eta oraindik definitzen ari ginen, baina diskoak oihartzuna izan zuen eta kontzertu mordoa egiteko aukera eman zigun, bai hemen, bai atzerrian. Urteotan egindako lanak heldutasun bat eman digu, asko baitira elkarrekin igarotako uneak, agertoki gainean eta hortik kanpo. Eta bigarren lana aurrenekoaren jarraipen naturala da, musikalki elkarrekin egiteko bidea dugula sentitzen dugu-eta.

Eta zein da hiru kideek taldean duzuen partaidetza?

Proiektuaren ardatza eta koordinazioa nik daramat, baina muina taldea da, Matt, Franck eta hirurok. Matt-ek aurrekoan baino abesti gehiago sinatzen ditu bigarren lanean, eta era natural batean sartu dira errepertorioan, zuzenean jotzen ditugun abestiak dira, Elkano Browning Cream-en kontzeptu irekiarekin bat datozenak. Matt-ek aldi batzuk egin ditu Donostian azken urteotan eta horrek elkarlanean gehiago aritzeko aukera eman digu. Orain Shanghain bizi da, Txinan. Franck Parisen bizi da, eta ni neu Donostian.

Alta, bakoitzak bere egitasmo propio eta ezberdinetan dabil.

Bakoitzak bere egitasmoak ditu, bai. Matt-ek bere The Matt Harding Project-arekin lanean segitzen du, orain Shanghaiko Cotton Club-ean astero sei gau joz; Franck-ek artista askorekin kolaboratzen du Parisen. Nik ere lan ezberdinak egiten ditut, baita Gari, Jabier Muguruza, Rafa Rueda eta abarrekin kolaboratu ere. Aniztasunak beti dakar aberastasuna, eta kolaborazioek gure motxila musikalari ideia interesgarriak eransten diete beti.

Musika beltza, dantzagarria eta erritmoz bizia garatzen duzue.

Groove-a da jorratzen ditugun estiloen puntu komuna, erritmoa. Disko honetan, blues, bossa, latin jazz, reggae, drum & bass, erritmo afrikar, ska edo pasodobleek dute kabida, beraz oso eklektikoa da, ez dugu mugatu nahi-eta. Hiruron artean dakarzkigun eraginak dira eta batzuk besteengandik oso hurbil egon daitezkeenak. Franck-ek dakarren eragin afrikarra oso nabaria da, eta aipatu ditudan estiloen erroa Afrikan dago. Bestalde gure intentzioak lehengo berak izaten jarraitzen du, diskoak dituen 40 minutuak edo kontzertuak irauten dituen bi orduak balio dezatela eragin baltsamiko bat sortzeko entzulearengan, hori da guk egin dezakegun ekarpena. Fribolitaterik gabe, baina gogorra gerta daitekeen bizitzan eta munduan positibismo pixka bat transmititzea.

Groove-a, baxurik gabe baina.

Ez dugu sokazko baxu elektrikorik erabiltzen, baina horrek ez du esan nahi baxurik ez dagoenik. Nik neronek egiten ditut baxuak, Hammond B3 organoan, ezkerreko eskuarekin edo pedalekin. Hori da Hammond hirukotearen adierazgarritasun handienetakoa, baxuak organoarekin egitea. Gainera oso soinu goxo eta beroa ateratzeko ematen du tresnak. Blue Note eta Prestige diskoetxetan argitaratu ziren Jimmy Smith, Jimmy McGriff edo beste hainbesteren formatutik abiatu gara. Aparte, artista horien beste ezaugarrietako bat groove-a zen, erritmoa, eta horiek bezala, guk ere ezaugarri hori dugu.

Hammond-a aipatu duzu, zer du bada, musika tresna horrek?

Hammond B3-a berez AEBetako eliza txikietan erabiltzeko sortu zen, orain dela 60 urte, hodizko organorik ezin baitzuten erosi, garestiegiak zirela-eta. Baina instrumentu ordezko moduan asmatu zenak laster izan zuen izugarrizko arrakasta, sortzen duen soinuagatik, oso aberatsa da, suabea edo indartsua, lasaia edo biolentoa, erregistro asko ditu eta giro desberdinak sortzen ditu horrela. Hori dela-eta, rock, blues, jazz, reggae eta besterako erabiltzen hasi ziren, gospel jatorrietatik irtenaz. Ni aspaldi maitemindu ninduen bere soinuak, edertasunagatik eta eskaintzen dituen aukerengatik.

Kantuak entzunda, elkarrekin jolasean ari zaretela ematen du, hiruron arteko elkarrizketan.

Musika gure arteko harremanaren ispilu bat da. Bakoitzak bere artea modu berdinean jartzen du musikaren zerbitzura, eta hiruron arteko elkarrizketa bat da.

Lehen diskoarekin alderatuta, honakoan ahotsaren erabilera nabarmentzen da.

Abeslari izugarria taldean izanda naturala da bere ahotsari erabilera ematea, instrumentu bat bezala, hau da, hirukotearen pisu instrumentala mantenduz. Ez genuen ahotsa gehi banda eskema klasikora jo nahi. Hitzen aldetik, «World State» Jimmy Kayihura poeta ugandarrak idatzi zuen, «Herb Tree» Tony Ebanks jamaikarrak eta besteak Matt-ek berak.

Eta ezberdintasunak aipatuta, zer aipatuko zenuke zuk?

Esan bezala, aurrenekoa naif-a da sormenean, inozenteagoa. Bigarrena egiterako kontzertu asko jo ditugu eta horrek grabatu aurretik abestiak zuzenean probatzeko aukera eman zigun. Eta landuagoa da, bai musikalki, bai soinu aldetik, aurrenekoak zuen freskura hori ez galtzen saiatu garen arren. Eduki aldetik, eklektizismoa uztartzen segitzen dugu, eta erritmo bidaia da disko berria, erabat intentzionatua dena, gure izaera musikalaren ondorioa da-eta. Ezaugarri berri deigarriena Matt-en ahotsaren erabilera da.

Elkano Browning Cream-ek orain arte lortu duen arretak ase zaituzte?

Gustura gaude, kontuan hartuta proiektu independentea eta geuk kudeatua dela. Gurean erantzun ona izan zuen publiko eta prentsaren aldetik. Atzerrian ere izan zuen oihartzuna, Japonia, Kanada edo AEBetan adibidez. Bigarren diskoa berriz, labetik atera berria da eta orain hasi da ibilbidea egiten, baina aurrenekoarekin egindako lanak balio izan du bidea errazteko. Gure helburua arima duen musika egitea da, zintzoa, gure buruak salduko ez dituena eta era berean entzulearekin balio horietan oinarritutako komunikazioa lortuko duena. Etorkizuneko asmoak musika herrialde ezberdinetara eraman eta sorkuntza diskoetan gauzatzea da, bizitzaz gozatuz, ahal bada.

Zuzenean

Bihar:

23.30. La Locura de Angel (Tutera).

Etzi:

22.00. Kafe Antzokia (Bilbo).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo