GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Aritz Sound System | Kazetaria eta musika adiktoa

Musikarien lan kontuak

 

Aurreko zutabean mahai gainean jarritako galderen artean musikarien lan baldintzei buruzkoa zegoen. Musikari edo artista bati saio bat egiteko proposamena egiten zaionean adibidez, zer-nolako «lan» baldintzak eskaintzen zaizkio? Teorian, prozesua legeak arautzen duen bezala egiteko, ekitaldiaren antolatzaileak musikaria kontratatu beharko luke; hau da, lan kontratu bat egin beharko lioke. Antolatzaileak, edozein enpresari modura, kontratatutako artista-langileari alta eman beharko lioke Gizarte Segurantzan, soldata bat eman, dagokion atxikipenak edo erretentzioak egin, eta halako prozesu konplexuak behar dituen izapide edo tramite guztiak egin beharko lituzke. Horretarako, antolatzaileak enpresaria izan beharko luke, hau da, enpresa eratuta izan. Zorionez, Euskal Herrian (beste leku askotan ez bezala) ekitaldiak enpresen bitartez barik, irabazi asmorik gabeko norbanako eta herri elkarteek antolatzen dituzte, askotan. Antolatzaileak kontratua egiteko aukera izanda ere (udalek adibidez), ez dute artista langile modura kontratatu nahi (are gutxiago egun baterako saioa bada), horrek izapide eta gastu asko dituelako. Horrelakoetan, nahiago dute zerbitzua eskatu eta artistari faktura bidez ordaindu. Ondorioz, artista bera da faktura egin behar duena (edo bitarteko enpresa baten bidez) baina horretarako enpresa eratu behar du (autonomo modura edo merkataritza elkarte modura) horrek dakarren guztiarekin (izapide eta zerga piloa). Azkenean, bi aukera hauen zailtasunak bultzatuta, legezkoak ez diren moduak erabiltzen dira, askotan. Euskal Herriko musikari askok sufritzen duten behin-behinekotasun egoera honen irtenbidea musikarien kooperatiba eratzea izan daiteke (Katalunian, adibidez, Musicat izenekoa eratu dute eta bertsolari askok Lankuren bidez egiten dute). Praktikan irabazi asmorik gabeko elkarte sindikal modukoa sortu beharko litzateke eta elkarte honek musikari-artisten eskubideak defendatuko lituzke. Nahi duten musikariak elkarteko bazkide egingo lirateke eta elkarteak musikari hauen kontratazio izapideak beteko lituzke; lanari, legediari eta administrazioari dagozkion kontuetan aholkularitza eskaintzearekin batera. Praktikan, antolatzaile eta artistaren arteko bitartekari litzateke baina legezko izapideei dagokionez, soilik. Kontu hauetan dudan ezjakintasunaz ari naiz, baina gaiak merezi du hausnarketa.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo