GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Nafar sindikatuak batera, merkataritzako borrokan

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, Nafarroako merkataritzako langileek oraindik jai egunetan zabaltzearen kontrako mobilizazioei ekin behar diete. ELA eta LAB aspaldi hasi ziren, eta urtarrilaz geroztik UGTk eta CCOOk bat egin zuten borroka horrekin. Atzorako greba deitu zuten eta emaitza, sindikatuen arabera, positiboa izan zen. Eta hurrengo greba abenduaren 3rako aurreikusi badute ere, espero dute eguna iritsi aurretik patronalak amore ematea, beraiek, nolanahi ere, protestei eutsiko dietelako beren lan eta gizarte errebindikazioak egia izan arte. Zalantzarik gabe, oso garrantzitsu eta beharrezkoa da batera ekitea enpresak eta are administrazioak langileen eskubideak murrizten ari diren garaian. Merkataritzari dagokionez, jai egunetan zabaltzeak langileek familia eta lana bateratzea oztopatzen du, eta bide batez, agerian uzten du enpresek ez dituztela langileak pertsona gisa tratatzen, beren negoziorako bitarteko materialen antzera baizik. Izan ere, ezarritako sistema ekonomikoak etekinak baino ez ditu aintzat hartzen, eta langileak etekinak emendatzeko baliabide hutsa dira. Sistema horrek kontsumoa sustatu behar du etengabe, eta langileen eskubideekin talka egiten duenean, ez du zalantzarik egiten: kontsumoa, langileen eskubideen kaltetan izanda ere... batez ere langileen borrokak aurre egiten ez badio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo