GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ainara Iraeta Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamentuko arduraduna

«Datorkigunea», etorkizunerantz begirada berritzailea

2010. urtean Datorkigunea jarriko dugu abian. Proiektu honen helburu nagusia, alde batetik, topaketa espazio hutsa (Oteiza) sortzea da, halabeharrez, ziurgabetasunez beteriko etorkizunari aurre egin beharko dutenekin Kapitalismoaren gainbehera dela, baloreen krisia dela, kontsumismoa, langabezia edota garapen iraunkorra izango dira, besteak beste, mintzagaiak

Duela aste pare bat «Nolakoa da Euskal Herriko Gazteria?» galdera mintzagai izan zuen mahai inguru batean parte hartzera gonbidatu ninduten. Argitu nahi dut «Euskal Herrikoa» esatean, Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko gazteez ari naizela, azkenaldian denon ahotan izan den terminoa. Itaun honen aurrean hotzikara sentitu nuen, erantzunik ez bainuen. Azkenaldian irakurri ditudan hainbat ikerketez, lanez eta txostenez oroitu nintzen ordea, eta bidegurutze hartatik onik ateratzeko baliagarria izango zitzaidala pentsatu nuen, datuen eta letren «zopa» bat egin nezakeela.

Ez zitzaidan ordea irtenbide egokia iruditu eta Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamentutik burutu ditugun hainbat proiektu eta ekimenetan parte hartu duten gazteen inguruan hausnartzen hasi nintzen. Hala, gure elkartean hainbat proiektutan parte hartu duten gazteek bi ezaugarri betetzen dituztela ohartu naiz. Alde batetik, Euskal Herriko gazteria anitza dela (gure gizartea bere osotasunean den bezala) eta bestalde, oro har, aipatzen ez den ezaugarri bat ere badute. Konprometituak dira eta gure gizartea interesatzen zaie, halakoa izan da behintzat Eusko Ikaskuntzak antolatu dituen hainbat proiektutan parte hartu duten gazteen jarrera. Jarraian burura etortzen zaidan galdera ordea, ondorengoa da: interesatzen al zaigu guri gazteek esateko dutena? Eta errateko dutena entzuteko prest al gaude?

2009. urtean zehar Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamentuak burutu dituen proiektuetan orotara 400 gaztek parte hartu dute. Gazteriaren kontzeptuak definizio zehatzik ez duenez, gure elkartean 18 eta 30 urte arteko pertsonetara mugatzen gara. Euskararen eta Aztarna Ekologikoaren gaia lantzen zituzten bi proiektu garatu ziren Ei Gazte!-tik 2009. urtean. Horrez gain, «Parte hartuz erabakitzen duzu» izenburupean, Gipuzkoako Aldundiarekin lankidetzan, 80 gazteren parte-hartzea izan zuen jardunaldiak egin ziren 2009ko azaroan. Ekimen honen helburu nagusiak, gazteek euren parte-hartzearen inguruan duten iritzi, desio eta iradokizunak jasotzea eta gure gizartean ditugun erronkei aurre egiteko behar dugun gizarte-antolaketa berri baten proposamena bilatzeko lehen urrats bat ematea ziren.

Horrez gain, Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuan, «Gizarte Aurrerapen Iraunkorrerako Berrikuntza» izenburupean, 300 gaztek parte hartu zuten Gasteizen egindako Gazte Foroan. Lau edo bost pertsonak osaturiko lan taldeetan eta irakasle baten gidaritzapean, talde bakoitzak lan bana aurkeztu zuen. Guztira, Kongresuan 68 lan aurkeztu ziren zazpi ardatz nagusitan banatuta: Berrikuntza, Justizia, Gizarte Solidarioa, Globalizazioa, Genero Sistemak, Bizi Kalitatea eta Gizarte Memoria. Azpimarragarria den lehenengo ideia da gai horiek gazteengan sortu zuten interesa, askok uste eta diotena aurkakoa bada ere. Pertsona hauek guztiek borondatez hartu zuten parte Eusko Ikaskuntzarentzat hain garrantzitsua den gertakizunean. Horrez gain, parte-hartzaile orori galdeketa bat egin, eta pertsona hauek eztabaidan eta hausnarketan jarraitzeko adierazi duten interesa eta gogoa izan da galdeketa hauetan aipagarriena.

Honengatik guztiagatik Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamentutik Datorkigunea jarriko dugu abian 2010. urtean. Proiektu honen helburu nagusiak, alde batetik, topaketa espazio hutsa (Oteiza) sortzea da, halabeharrez, ziurgabetasunez beteriko etorkizunari aurre egin beharko dutenekin. Bestetik, zazpi lurraldetako eta hainbat diziplinatako gazteak elkartuko dira gaurko gizartean dauden erronka sozialei buruzko eztabaida sortzearren eta aztertuko diren arazoei erantzuna ematera zuzenduriko jarduera ildo posibleak zehaztearren.

Hausnarketa foro honek eta bere sareak Euskal Herria osatzen duten zazpi lurraldeetako gazteen ordezkariak izango ditu, eta mahai-gaineratuko diren gaietan eta lan ildoetan aniztasuna eta ikuspuntu desberdinak izateko, beharrezkotzat joko diren diziplinak ordezkatuko dituzten pertsonen parte hartzea bermatuko da. Guztira 40 pertsonak osatuko dute Datorkigunea eta gure lan hizkuntza euskara izango da, gure mintzaira delako. Eusko Ikaskuntzak eztabaida dinamizatu eta foro aktiboa izan dadin beharrezkoak diren harremanak eta jarduera mantentzea bere gain hartuko ditu, baina zalantzarik gabe, protagonista nagusiak gazteak izango dira. Euren ahotsa, iritziak, hausnarketak eta ikuspuntuak jasotzea da Ei Gazte!-ren helburu nagusia, izan ere, gaur egungo gizartean ditugun erronka eta arazo nagusiak eurenak ere badira, oinordetzan jasoko baitituzte eta irtenbideak eurek bilatu beharko dituztelako. Hala, kapitalismoaren gainbehera dela, baloreen krisia dela, kontsumismoa, langabezia edota garapen iraunkorra izango dira, besteak beste, mintzagai hartuko dituzten gaiak. Landuko diren problematika horien nahiz beste batzuen aurrean euskal gazteriak proposatzen dituen irtenbideak, ekintzak eta proposamenak entzun eta jasoko ditugu, guk bai, gazteen iritziak entzun eta aditu nahi ditugulako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo