GARA > Idatzia > Ekonomia

Transmisioa eta instalazioa sustatzeko ekintzak antolatu ditu Laborantza Ganberak

Euskal Herriko Laborantza Ganberaren lan ardatz nagusietariko bat da gazteak laborantzan instalatzea eta etxaldeen transmisioa ziurtatzea. Hori sustatzeko, ekintzaz beteriko hamabostaldia antolatu dute.
p026_f01_148x104.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa laborari instalazio handia daukaten lurraldeak dira. Bi etxaldetik batek jarraipena dauka. 2009an, izan ere, 130 bat instalazio izan dira Ipar Euskal Herrian. Datuak nahiko baikorrak badira ere, urtean libre geratzen diren 250 etxaldeetatik ehun desagertzen direla nabarmendu zuten Euskal Herriko Laborantza Ganberako (EHLG) kideek.

«Dinamika bat dago instalatzeko, baina oraindik lan handia dago egiteko sail horretan», argitu zuen Maryse Cachenaut EHLG egiturako ordezkariak. Instalazioa eta transmisioa sustatzeko asmoz, laborantzan aritu nahi duten gazteei eta etxaldeen jabeei zuzenduriko hamabostaldia antolatu dute, apirilaren 6tik 16rako.

«Aurtengo bigarren ediziorako `izpiritua' aukeratu dugu gai nagusitzat. Iazko hamabostaldian soziologo baten hitzaldia izan zen. Gai horretan aditua, transmisioari eta instalazioari dagokionez, faktore humanoak materialak bezain garrantzitsuak zirela erran zuen, hau da, prestakuntza, izpiritua, gazte eta jabeen arteko harremana. Aurten ildo hori hartzea erabaki dugu», azaldu zuen.

Laborarien instalazioa sustatzen duten lekuko egiturekin elkarlanean, Nafarroa Behereko eta Zuberoako bi etxaldetara bisitak eginen dituzte. Behi-esnearen ekoizle dira, eta beren lana ezagutzera emateaz gain, aurten behi-esnearen arloak izandako krisiari nola aurre egin dioten azalduko dute. Horrez gain, bi hitzaldi izango dira: apirilaren 6an, gehienbat instalazio eta trasmisioaren ikuspegi juridikoa jorratuko dute; apirilaren 16an, horri buruzko sakoneko hausnarketa egingo dute. Izan ere, bi hautetsik instalazioa sustatzeko Estatu frantsesean bideratu diren esperientzien lekukotasunak emanen dituzte, eta lekuko Bidarte eta Lekorneko auzapezek, eta Baionako garapen iraunkorrerako Martine Bisauta zinegotziak ere parte hartuko dute. Mahai-inguru horrekin, EHLGk «instalazioa guztion arazoa dela» aldarrikatu nahi du.

Herriko etxeak

«Gaur egun indarrean den lekuan lekukoa kontsumitu eta ekoizteari buruzko izpirituak berriz balorizatzen du laborantza. Herriko etxeak baserri inguruetan zerbitzuak mantentzeko hainbat ekimen bideratzen dituzte, esate baterako saltegiak antolatzen dituzte. Zergatik ez ere laborarien instalatzea herriko etxeen arrangura izan», nabarmendu zuen, bere aldetik Mixel Berokohirigoinek. Lurralde eta herri batean, laborantzak baserri inguruetan zerbitzu, jendea eta aniztasuna ekartzen zuela goraipatu zuen EHLGko lehendakariak.

Apirilaren 16an Uztaritzeko Lapurdi gelan eginen den mahai-inguru horren bidez, herri zein hirietan eraman diren ekimen «interesgarriak» aipatzeko aukera izango da. Horrela, Bidarteko auzapezak laborantzarako lurrak mantentzeko egindako ekimena, edo Lekornen sorturiko Garroa proiektuak aipatuko dituzte, besteak beste.

Haziak

Apirilaren 16an Uztaritzen izango den hitzaldiaren bidez, laborariak ustiategietan instalatzen laguntzeko herriko etxeek egin dezaketen lanaren «haziak ereinen» dituela espero du Mixel Berokohirigoinek.

Filma

Baionako l'Atalante zinema gelak EHLGk antolaturiko hamabostaldi horretan parte hartuko du gaualdi berezi bat eginez apirilaren 15ean. «Le temps des grasses» filma eta eztabaida izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo