GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Euskal Herria, Estatua, Europan

 

Frantses agintariek bozen bidez igorritako mezua entzun omen dute. Ondorioa da eskuinari eta eskuin muturrari kasu gehiago eginen diotela. Hauteskundeen biharamunean antolatutako grebek eta mobilizazioek ez dute eraginik estatuburuaren erabakietan. Alderantziz, hasitako erreformak jarraituko dituela adierazi du. Kezka handia dago, erreformek ekarriko dituzten aldaketek kostu sozial gogorra izanen baitute. Hasi nahi dituzten negoziazioak nahiko lasai hasten ditu enpresaburuen alderdiak, Gobernuaren babesa izanen baitu.

Alderdi sozialistak erretreten erreformari lotzeko prest dagoela erran zuen, ez dakigu noraino, baina argi dago langileek gehiago eta luzeago lan egin beharko dutela, inongo konpentsaziorik gabe. Hauteskundeen emaitzek arnas berria eman diote alderdi sozialistari, baina norabiderik gabe eta alderdi buruen gerlaren erdian nahiko lan izanen du alderdiak gaurko politikariengan esperantza eta ekintza eraginkorra sortzeko. Sarkozyk ulertu du eskuina batzearekin ezkerraren ahuleziaren aurrean irabazle ateratzeko aukera handiagoa duela.

Akitaniak ezkerrari eman dio botoa. Ekologistak merke saltzen dira eta zenbait eserlekuren truke AHTren aurka hartu zuten jarrera ahantzi dute. Rousseten laguntzera joan dira, AHTren aldeko politika eta proiektua aitzina joaten utziko dute. Ez dutela lagunduko? Ongi entzun dugu, ez dute lagunduko, beste aldera begiratuko dute. Hori ez da AHTren aurka joatea.

Elkarteen esku geldituko da lanaren ardura. Horrek ez du berriz ere politikaren baitan konfiantza izaten lagunduko. Ematen du arazo larrien aurrean politikak huts egiten duela. Alta, aurrera joateko bideetan politika tresna izan behar da, gure gain hartu behar duguna. Ez da alderdi politikoen ardura hutsa. Alderdiek askotan interes propioak dituzte, babesten dituztenak interes kolektiboen gainetik. Horregatik politika sobera serioa da alderdi politikoen esku uzteko. Herritar guztiek eragin behar dute erronka nagusien aitzinean. Alderdi politikoen garrantzia ukatu gabe.

Hau da gure herriak aitzinean duen erronkaren kasua. Une erabakigarriak bizi ditugu eta Aberri Eguna kari elkartzeko beharra handia da, libre bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Batera-k tokiko hiru lurraldeentzat ezagutzaren eskaera frogatu badu ere, horrek ez du gure herriak zazpi herrialdeak bilduko dituen estatuaren aldarrikapenarekin kontraesanik sortzen. Batzuendako Ipar Euskal Herriaren ezagutzaren aldarrikapenaren frogaren beharra baldin bazen, beste askok zazpi herrialdeentzat etorkizun komuna izateko bidea jorratu eta ideki behar dela uste dugu. Gure baitan ditugun aldarrikapenak azalduko ditugu, gure proiektua abertzaleak ez diren herritarrei ere badoakiela esplikatuko dugu. Autodeterminatzeko eskubidea dugulako, autonomia proiektua mahai gainean ezarri dugu. Independentzia gure helmuga da, gure kultura, gure hizkuntza eta zuzenago izan nahi duen gizartearen babeserako lanak azkartu behar ditugu.

Lerro horretan elkar gaitezen independentziaren alde direnak bilduz, Lapurdi eta Gipuzkoa lotuz, apirilaren 4an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo