GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«Molestatzen duen jendea» eta eskubiderik gabea

Prostituzioa fenomeno konplexua da eta erantzun konplexuak eskatzen ditu. Hala adierazi zuen atzo Emakundek, zenbait udalerrik fenomeno hori udal ordenantzen bidez ordena publikoko arazo huts gisa tratatzeko asmoa dutela-eta. Baita bete-betean asmatu ere, onartu nahi dituzten ordenantza horiek fenomeno konplexu horri erantzun guztiz azalekoa eman nahi baitiote, prostituzioaren askotariko kausak eta haren inguruko guztia aztertu gabe. Joan den astean GARAk argitaratu zuen erreportajeak Bilboko zenbait auzo elkarteren eta prostituzioaren inguruko pertsonez arduratzen direnen iritziak jaso zituen. Batzuen ustez, «molestatu egiten duen arazoa» baino ez bada ere, beste batzuen ustez, emakume horien eskubideak lehenetsi behar dira, eta ordenantza horiek ez dituzte eskubide horiek aintzat ere hartzen. Aitzitik, prostitutak delituarekin identifikatuta zigortu eta kaletik desagerrarazi nahi dituzte, arazo estetiko hutsa balitz bezala. Egia da prostituzioaren inguruan delituak izaten direla, baina ez da ahaztu behar delitu horien biktima nagusiak eskuarki prostitutak beraiek izaten direla. Ordenantzek portaerak zigortu beharrean, kolektibo batekoa izate hutsa zigortu nahi dute.

«Molestatzen duen» fenomeno konplexu bati erantzuteko azaleko modua, baina ahulenentzat ondorio larriak dituena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo