GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Identitateak

Ikurrinak atera eta aldarrikatu behar ditugu oraindik, egunen batean, batek zioen bezala, «sukaldeko trapu» bihurtzeko, «Euskal Herriak izatearekin batera, ez izatearen abantailak izan ditzan». Utopikoa? Utopia beti izan da proiekturik egingarriena

Bai, identitate kontua da. Aberri Eguna ospatzen badugu, identitate zehatz bat aldarrikatzeko premiak bultzatuta egiten dugu. Zeren, askok kontrakoa uste arren, euskaldunok aberria bai baitaukagu, nahiz eta aberri hori nolabait «birtuala» izan. «Birtuala», ez ordenagailu baten barruan bizi delako, paper gainean topatzen ez den aberria delako baizik. Mapak marrazten dituzten lerroen artean existitzen ez den aberria da gurea. Eta horrexegatik, aldarrikatu behar dugulako, ospatzen dugu. Gaurko egunean ez badago batu ahal gaituen estaturik, identitateak behar du derrigorrez batzera garamatzana. Estatua beharko genuke horrelako egun identitariorik ospatu behar ez izateko, eta denok pozik.

Aurpegiratu digute eta, egia esan, onar genezake, baztertzailea ere badela, identitateak berez bereziak baitira euren horretan, euren horretan beste identitateetatik bereizten baitira berez. Bereziak eta bereiziak ez balira, ezingo genuke identitateez berba egin, identitatea zerbait edo norbait beste guztietatik identifikatzen duena da eta. Berdin gertatzen zaio identitate espainolari. Ez da ona ez txarra bere horretan, ez bada identitate horietako batek, gailentzeko xedez, besteak menderatu eta zapuztu nahi dituela kolonizatzaile espirituaz.

PP baino ez da argi mintzatu; alderdi horretako kide batek hau esan zuen: «Ez gaitzatela Aberri Egunera gonbidatu, guk beraiek urriaren 12a ospatzera gonbidatzearen pareko litzateke-eta». Eskertzekoa da hain argi eta zuzen esatea, batere konplexu barik, eta ez PSEren diskurtsoan bezala, asmatutako engainu «bateratzaile» baten gerizpean. Azken hauek, hala ere, badakite zerbait behar bezain ondo egin ez dutela, lehendakari jauna panoramatik kendu eta Prieto zein Pastor txo txikiak jendaurrera atera baitituzte.

Batu nahi ei gaituzte, baina Estatutuaren egunean masa sutsurik ez da ospatzera joango, kanape ugari izan arren. Herria egin nahi omen dute eta horretarako kondekorazio, omenaldi eta argazki instituzionalak; laster batean Ertzaintzaren eguna eta desfileak kale nagusietan barrena. Ikusi beharko zein animalia aterako duten Legioaren ahuntzaren partez.

Berriz ere batzuen herri artifizial eta nazionalista espainola, modernoa eta aurrerakoia bailitzan. Berriz ere besteon «existitzen ez den herria», zaharkitua eta desfasatua bailitzan. Berriro ere batek baino gehiagok esan du gure «gaixotasun nazionalista» hau bidaiatuta osatzen dela, baina Aberri Eguneko bazkarian mutil batek zioenez, bidaiatuta, osatu baino areagotu eta piztu egiten da, beste herri batzuetako egoera ikusita, beste herri batzuetan gure herria ezaguna dela egiaztatuta. Baduguna exijitu beharrik ez dugunean, Aste Santuko oporretan urrunago bidaiatuko dugu.

Esan bezala, estatua behar dugu. Eta zelako estatua nahi dugun erabaki eta eraiki behar dugu. Horrela, egunen batean buruan dugun estatu modua lortzeko gai ez bagina ere, estatua beharko genuke edozelan, akaso estaturik nahi ez dugula esan ahal izateko. Ikurrinak atera eta aldarrikatu behar ditugu oraindik, egunen batean, batek zioen bezala, «sukaldeko trapu» bihurtzeko, «Euskal Herriak izatearekin batera, ez izatearen abantailak izan ditzan». Utopikoa? Utopia beti izan da proiekturik egingarriena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo