GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

EUSKAL HERRIKO ITZULIA Adierazpenak

«Badaukat beste bat kontatzeko»

Egoi Martinezek ihesaldia harrapatu zuen atzo ere, baina seikoteak ezin izan zuen helmugara iritsi.

p039_f01_444x444.jpg

GARA | AMURRIO

Euskal txirrindulariak protagonista izan ziren hirugarren etapan ere, baina zoritxarrez ez garaipena eskuratu zutelako, ihesaldian sartzea lortu zutelako baizik. Egoi Martinez, Iban Mayoz eta Alan Perez izan ziren ihes eginda ibili zen seikotean sartu ziren hiru euskaldunak, eta sentimendu gazi-gozoekin azaldu ziren kazetarien aurrera etapa amaieran: oso pozik, egindako lanagatik; nahiko triste, lortutako fruitu eskasagatik.

«Bat gehiago daukat kontatzeko. Hainbeste aldiz ibili naiz ihesaldietan sartuta eta horren gutxitan iritsi... Gutxi falta izan zaigu eta pena da, Euskal Herriko Itzulian ez naizelako egon inoiz etapa bat irabazteko borrokan benetan sartuta», onartu zuen Egoi Martinezek Amurrioko helmuga puntuan.

Mugimendurik egin ez izana ere arrazoitu zuen etxarriarrak: «Mendeikako mendatea ez zen bene-benetako aldapa bat eta horregatik ez dut erasorik jo. Oso motza zen eta banekien Albasini moduko txirrindulariek horrelako aldapa motz bat erraz gaindituko zutela. Gainera, ezagutzen nuen mendatetik helmugara bitartean gelditzen zen ibilbidea, eta banekien bakarrik ez nintzela iritsiko inolaz ere».

Iban Mayozek, bestalde, oraindik bere maila onenean ez dagoela azaldu zuen, eta horregatik izan zela ihesalditik erortzen lehen txirrindularietako bat. «Etapa oso luzea zen, ia 190 kilometro, eta zaila da sei txirrindulari bakarrik helmugara iristea. Gainera, Oskar Freirerentzat azken aukera zen gaurkoa eta bere taldeak ongi kontrolatu du etapa. Maila ona zegoen ihesaldian, ni oraindik ez nago topera, eta Urduñan ezin izan dut aurrekoen erritmoa jarraitu. Oraindik lasterketa gutxi korritu ditut eta pittin bat falta zait nire maila onenera iristeko», aipatu zuen lasartearrak.

Oso bestelakoa zen Francesco Gavazzi etapa irabazlearen aurpegia. «Etapa gogorra izan da, baina garaipena oso garrantzitsua da bai niretzat, bai taldearentzat. Taldeak oso lan ona egin du, lehenik ihesaldia bertan behera uzteko eta ondoren esprinta behar bezala prestatzeko, eta zorionez amaiera ona ematea lortu dut. Gainera, aurrez ere helmugatik pasatzea ongi etorri zait azken metroak ikusteko. Denboraldiko bigarren garaipena da niretzat, baina ProTourreko lasterketa batean lortu dudan lehena. Euskal Herriko Itzulia ospe handiko proba da, maila handiko txirrindulariak etortzen dira, eta bertan etapa bat irabaztea sekulakoa da niretzat», adierazi zuen pozez zoratzen, ulertzeko erraza suertatzen zen italiera argian.

Juanma Garatek, azkenik, Oskar Freireren bigarren postua eta maillot horia balioetsi zituen: «Etapak ihes egin digu, baina maillot horia lortu dugu. Freirerentzat esprint zaila zen eta sasoi onean egon arren ezin da egunero irabazi. Orain Robert Gesinki lagundu behar diogu, oso ongi dago-eta».

PODIUMA

Juanma Garatek bere pronostikoa egin zuen, podiumera begira: «Gesink oso ongi ikusten dut eta hiru onenen artean sartzeko aukera handiak ditu, Valverdek eta Joaquim Rodriguezek bezalaxe. Ea Beñat Intxaustik ere hor inguruan ibiltzeko aukerarik duen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo