GARA > Idatzia > Kultura

Laburbira Zirkuituak bederatzi ikus-entzunezko eramango ditu herriz herri

p048_f02_088x124.jpg

GARA | DONOSTIA

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak urtero antolatzen duen Film Laburren Zirkuituaren zazpigarren edizioa aurkeztu berri du. Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburua duen zirkuitua dugu Laburbira, eta aurten Paris zein Shanghaiko Euskal Etxeen partaidetza izango du.

Zirkuituaren zazpigarren edizioak 28 emanaldi eskainiko ditu, gehienak Euskal Herriko herri eta hirietan izango dira, tokian tokiko euskara elkarteen eskutik. Beste biak, iaz hasitako bideari jarraituz, Parisen eta Shanghain egingo dira, hango Euskal Etxeek bultzatuta. Proiekzioak apirilaren 13an hasi eta maiatzaren 14an amaituko dira.

2009ko uzta

Emanaldi bakoitzean bederatzi ikus-entzunezko eskainiko dira, denak ere 2009an ekoitzitakoak. Aurreko edizioetan bezala, honetan ere ahalegina egin da ibilbide luzeko egileak eta egile berriak kontuan hartzeko. Hala, Telmo Esnal, Koldo Almandoz edota Arkaitz Basterra bezalako zuzendari ezagunen lanak ikusi ahal izango dira, eta horiekin batera, oraindik hain ezagunak ez diren Estibalitz Ariz, Itziar Faido eta Urko Mauduit zuzendarienak ere bai. Gainera, aurreko edizioetan bezalaxe, 2009ko abenduan Bermeon egin zen Kameratoian, Topaguneak antolatutako ikus-entzunezkoen rallyan, saritutako lanetako bi ere tartean sartu dituzte. Gazteei zuzendutako lehiaketa horretan, ikus-entzunezko lan bat hamar ordutan grabatu, editatu eta aurkezteko erronka proposatzen zaie parte-hartzaileei, eta emaitza gero eta harrigarriagoak izaten dira urtetik urtera, irudimenaren zein kalitate teknikoaren aldetik.

Bestela ere, askotariko aukera egiteko arreta berezia jarri da, eta horrela, formatu, estilo eta izaera oso ezberdineko piezek osatzen dute emanaldia: umorezko laburrak, serioagoak, irudi errealekoak, animaziokoak, bideoklip bat ere bai...

Egile zein ikus-entzuleentzat, Laburbira aukera ona da euskarazko produkzioa ezagutarazteko, eskaintza herri askotara zabalduz. Herriotako asko txikiak izanik, gutxitan izaten dute zinema bertan eskaintzeko aukera. Gainera, egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz, saio askotan solasaldia egingo da egileekin, proiekzioaren ondoren. Batzuek zein besteek biziki eskertzen dute iritzi-trukerako aukera hori, normalean oso aberasgarria suertatzen da-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo