GARA > Idatzia > Mundua

Lau zibil hil eta 18 zauritu ditu NATOk Afganistanen, autobus bati erasotzean

Istiluak izan ziren atzo Kandaharren (Afganistan) NATOren tropek autobus baten kontra tiro egin eta lau zibil hil eta gero. Sarraskia salatzeko manifestazioa antolatu zuten, eta kamikaze bat segurtasun zerbitzuen egoitzari erasotzen saiatu zen.

GARA |

Gutxienez lau zibil hil ziren atzo eta beste 18k zauriak jasan zituzten NATOren ISAFeko soldadu estatubatuarrek Afganistango Kandahar probintzian autobus baten kontra tiro egin ondoren, erakunde honek jakinarazi zuenez.

Afganistango Kandahar eta Herat hiriak lotzen dituen errepidean, Zherai barrutian, izan zen sarraskia, Efe agentziari Kandahar probintziako gobernadorearen eledunak, Zalmai Aiubik, esan zionez. Honek ikerketa bat abiaraziko dutela gaineratu zuen.

ISAFek emandako datuen arabera, tiroak goizaldean egin zituzten konboi bateko kideek, autobusaren gidariari gelditzeko esan ostean.

«Ibilgailu handi bat ISAFen patruila batengana hurbildu zen. Konboiak ezin zuen errepide bazterrera mugitu, alboan amildegia zuelako», azaldu zuen ISAFek.

Betiere, NATOren bertsioaren arabera, patruilak linternak eta bengalak erabili zituen autobusari gelditzeko eskatzeko, baina gidariak ez zuen kasurik egin eta konboirantz hurbiltzen jarraitu zuen «gero eta abiada handiagoan».

«Autobus baten kontra su egitea ez dator bat NATOk zibilak babestuko duen engaiamenduarekin eta ez du inolako justifikaziorik», adierazi zuen Afganistango presidente Hamid Karzaik. Tiroak hasi zirenean autobusa konboitik 70 eta 100 metro ingurura zegoela nabarmendu zuen gidariak.

Sarraskia izan eta gutxira, 200 gizon inguruk manifestazio istilutsua egin zuten Kandaharreko erdigunean, «AEBak akabatu, Karzai akabatu» oihukatu zutelarik. Manifestazio horretan kamikaze bat Segurtasun Kontseilu Nazionaleko (NDS) bulegoen kontrako eraso bat egiten saiatu zen, baina zapuztu egin zuten.

2.400 hildako

NBEren datuen arabera, 2009. urtean 2.400 zibil hil ziren Afganistanen bizi den gatazka armatuaren ondorioz. Aurreko urtearekin alderatuta, %14 gehiago. Horietarik 596 hildako NATOren tropek eragindakoak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo