GARA > Idatzia > Ekonomia

Arantza, Etxalar eta Berako udalek «krisiaren kontrako testigua» hartzea erabaki dute

Bortzirietako «gainbehera ekonomiko eta soziala» nabarmentzen duen mozioa onartu dute. Besteak beste, Nafarroako Gobernuari Baztan-Bidasoarako enplegua sortzeko plangintza zehatza eskatu diote eta apirilaren 22rako bi orduko lanuztea eta manifestazioa iragarri dituzte.

p029_f01_148x116.jpg

Amaia ZURUTUZA |

Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek prentsa agerraldia eskaini zuten atzo Bortzirietan bizi duten «gainbehera ekonomiko eta soziala» hizpide hartuta. Bortzirietako bost udaletatik hiruk egoera ekonomikoaren inguruko hausnarketa jasotzen duen mozioa onartu dute, baita datorren apirilaren 22an bi orduko lanuztea eta manifestazioa burutzea ere.

Hala, eta egoera orokorra oinarri hartuta, lehen sektorearen inguruan aurrera eramandako politikek inguruko nekazaritza «erabateko porrotera» eraman dutela baieztatu zuten. Areago, lehen sektorea «erraten ahal dugu Bortzirian hilzorian dagoela», adierazi zuten.

Bigarren sektoreari dagokionean, inguruan enpresa garrantzitsuak egon arren, krisi ekonomikoa dela batetik, eta egoera aprobetxatu nahi dutenak egonik bestetik, enplegua erregulatzeko txostenak nonahi daudela adierazi zuten, baita lan prekarietatea nahiz kaleratzeak ere. Hirugarren sektorean ere egoera okerrera doala esan zuten, turismoaren murrizketa esaterako nabarmen jasan dutela adierazi baitiete ostatu eta saltokiek.

Azkenik, udaletxeen egoera ere gogora ekarri zuten, «krisi kapitalista honen inguruan erabat murgilduta» entitate publikoen ahalmen ekonomikoa ere erabat murriztu dela baieztatuz.

Kolektibitate kontzientzia

Egoera latz honen aurrean kolektibitate kontzientzia berpiztu behar dela aldarrikatu zuten hiru alkateek. Hau da, nekazariek ekoizten dutena janez, behar diren gauzak etxe ondoko dendetan erosiz nahiz lantegietako arazoak kaleratuz, besteak beste.

Udaletxeen eskumenekoak ez diren enplegua erregulatzeko txostenez nahiz udalen finantziazioaz bestalde, Nafarroako Gobernuak «erabateko aldaketa politikoa» egin behar duela aldarrikatu zuten.

Hala, mozioaren alde egin duten udaletxeek, besteak beste, ondorengo konpromisoak hartu dituzte beren gain: Bortzirietako krisiaren kontrako testigua hartzea eta langileriaren borrokaren alde jartzea, baita Nafarroako Gobernuari Baztan-Bidasoarako enplegua sortzeko eta berreskuratzeko plangintza zehatza eskatzea ere. Zentzu honetan, udal, sindikatu eta bestelako eragile sozialek alternatiba posibleen azterketa zehatza egitea babestu dute, adibidez, eskualdea teknologia berrietan, ikerketa eta garapenean Nafarroako puntako eremua bihur dadin aukerak aztertuz.

Egoerari erantzun bateratua emateko beraz, lehen pauso gisa, bi orduko lanuztea egingo dute datorren apirilaren 22an.

MOZIOA

Arantza, Bera eta Etxalarko udalek onartu dute egoera ekonomikoaren inguruko hausnarketa nahiz egoera konpontzeko hainbat proposamen biltzen dituen mozioa.

APIRILAK 22

Bi orduko lanuztea egingo dute, baita manifestazioa ere. Baztan-Bidasoako udalak nahiz herritarrak gonbidatu dituzte protesta horietan parte har dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo