GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Xinple-xinple

Zure lagunek bai, baina zuk ez. Zuk eta zure ahizpak bi astean behin amarekin egingo duzue autoan eskolarako bidea eta lineako bi autobus hartuta joan beharko duzue berriz datorrenean. Bidean zoaztela, gainera, seguruenik lagunartean doazen zure klaseko lagunak ikusiko dituzu autobusean. Zuk, ordea, ez duzu lekurik bertan. Xamurrago, baina funtsean, horixe azaldu behar izan diete guraso batzuek euren bi alabei zer eta beren bi alabak euskaraz eta elkarrekin ikasteko aukera egin dutelako, non eta Nafarroan. Euren aitak egoeraren kontakizuna egitean ezinbestean burura etorri zaizkit galderak: Zer esaten dute bi neskatilek? Nola azaldu egoera absurdoa oraindik ere ezer erabakitzeko betarik izan ez duen haurrari? «Ez dute apenas ezer galdetzen, ohitu egin dira». Ohitu?

Ez naiz ni oraindik ere amatasunaren trantze horretan jarri, baina inguruan gero eta txiki gehiago dauzkat. Tarte honetan bertan lehen ere esana dudan moduan, haurrak ikustean joera daukat zer pentsatzen ote duten nire buruari galdetzeko, jakin-mina eragiten didate. Kontuak zein erraz konpontzen dituzten ikustea ere gustatzen zait, «lasai, konponduko da» zeinen erraz esaten duten, ia haserretu baino lehen adiskidetzeko duten modu «elegantea» begiratzea. Horregatik pentsatzen dut askotan beren begi txikietara inozoen gisa agertzen garela, trakets, dorpe... zeinen konplikatu.

Seguru nago bi neskatilak aitarekin batera lineako autobusean doazela, leihatilatik begira, euren klaseko lagunak gurutzatzean entzuteko modukoak diren azalpenak bururatzen zaizkiela, galderak eta erantzunak; euren erara, xinple-xinple. Pareko autobusean doan laguna ere dagoeneko seguru asko jarria da pentsatzen zergatik ez ote datorren lagun mina eskolara eurekin, parean duten eserleku hutsari begiratu eta esan dutela, hemen sartzen da eta! Entzungo nituzke, halaber, bien arteko hizketaldiak, bidaia elkarrekin egitea zenbat gustatuko litzaiekeen nola esaten dioten elkarri; bai, izan ere, pasa den asteartean erabat haserretu ziren, baina asteazkenerako adiskidetu eta orain lagun-lagunak dira eta elkarri kontatu beharreko guztiak kontatzeko ez dute betarik atsedenaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo