GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ibon Artola «Euskal Herria Sozialista» aldizkariaren izenean

Lan eta pentsio erreformarik ez!

 

Erretiroaren adina 67 urtera arte atzeratzeko eta pentsio bat edukitzeko eskubidea eta hau kalkulatzeko urteak gehitzeko proposamena, kaleratzea merkatzeko helburuarekin, lan erreforma berri bat inposatzeko erabakiarekin batera, langile guztientzat eta beren familientzat eraso ikaragarria da. Zapateroren Gobernuak aurrekontuak egokitzeko plan oso gogor bat ere onartu du (hiru urtetan 50.000 milioi). Horrek osasun, hezkuntza eta zerbitzu sozial publikoetarako diru gutxiago izatea esan nahi du. Hau da, PSOEren Gobernuak bere politika ekonomikoan eskuinera urrats kualitatibo bat eman du, CEOE patronal espainiarraren eta bankuen presioei men eginez.

Atzeraldia hasi zenetik, mundu osoko gobernuek eta sindikatu gehienetako zuzendaritzek ekonomiaren mirarizko errekuperazio batean jarri dute konfiantza «normaltasunera» itzultzeko. Enpleguaren erregulazio espedienteak (ERE), soldata jaitsierak eta eskubideen murrizketak onartu dituzte eta langileen borrokak elkartzea saihestu dute. Baina esperientziak erakutsi du langileen sakrifizio guztia ez dela nahikoa patronalaren eta bankuen eskaerak asetzeko. Nahiz eta azken urteetan gure eskubideetan atzera egin dugun, orain gehiago nahi dute, kaleratzea librea nahi dute, lan harremanak negoziatzeko kontua bukatzea nahi dute... Langile mugimenduaren konkista historiko guztiak desegin nahi dituzte.

Egin diren kontzesioek, eta asko izan dira, orain onartezina den pentsio erreforma baten eta kaleratzea merkatu eta negoziazio kolektiboa suntsituko lukeen lan erreformaren saria jaso dute.

Pentsioen erreformak eta lan erreformak sindikatuen aldetik erantzun garbi eta eraginkor bat behar du. Martxoko manifestazioek lehen urratsa izan behar dute greba orokorra antolatu eta ondoren langile klasearen mobilizazio bateratuekin jarraitzeko. Greba orokorrak PSOEren Gobernuaren erasoei erantzuteko eta biztanleen gehiengoaren aldeko neurriak hartzera behartzeko izan behar du. Borrokarekin soilik lortuko dugu Madrilgo PSOEren Gobernuak eta Patxi Lopezen Eusko Jaurlaritzak diru publikoa langabeei eta arazoak dituzten langile familiei laguntzeko erabiltzea, bankariei oparitu beharrean.

Krisiaren aurka, borrokarekin eta mobilizazioarekin defendatu behar dugu geure burua. Hori da Greziako eta Portugalgo langileek hasi duten bidea, hemen bezala jasaten duten antzeko ofentsibaren aurrean. LABek Estatu frantsesean antolatutako greba orokorrei emandako babesaren bideari jarraituz, sindikatu guztiek Estatu mailako greba orokorrerako dei bateratua egin behar dute eta lanean hasi lantoki guztietan asanbladak deituz. Hauetan, gure arazo nagusiak konponduko lituzkeen plataforma aldarrikatzaile baten inguruan eztabaidak bultzatu beharko lituzkete:

-Erretiroaren adina atzeratzearen aurka. Erretiroa 60 urterekin eta soldataren %100arekin eta errelebu kontratuak eginez.

-Lan erreforma ororen aurkako jarrera tinkoa. Enpleguaren ziurtasuna eta duintasuna. Soldata murrizketarik ez eta galdutako erosteko ahalmenaren errekuperatzea.

-1.200 euroko langabezia sari mugagabe bat bermatu behar da langabe guztientzat lanpostu bat aurkitu bitartean, eta aldi berean, hauen hipoteken baliogabetzea. Legez 35 orduko lan astea, langile guztien artean dagoen enplegua banatuz, baina soldatak eta eskubide guztiak mantenduz.

-Kaleratzeen aurrean EREak ez dira konponbidea. Lanpostu guztiak salbatzeko, sindikatuek krisian dauden enpresen nazionalizazioa eskatu behar dute, kalte-ordainik gabe eta langileen eta hauen erakundeen kontrolpean.

-Langileen batasuna banaketa guztien gainetik, eta nazioen autodeterminazio eskubidea.

-Bankuen, monopolioen eta latifundioen nazionalizazioa langileen kontrolpean, hala azpiegitura, etxebizitza, hezkuntza eta osasun publikoan programa handiak martxan jarriz.

Hau da langileok behar dugun sindikalgintza, hau da sindikatuek egin behar duten sindikalgintza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo