GARA > Idatzia > Euskal Herria

Adif eta Euskotrenen aurka dozena bat sabotaje egin dituzte, AHT salatzeko

Adifek eta Euskal Trenbide Sareak kudeatzen dituzten kasik dozena bat geltokitan sabotajeak gertatu ziren igandetik astelehenerako gauean. Horien ondorioz, bidaia-txartelak ateratzeko makinak blokeatuta geratu ziren eta AHTren aurkako pintadak azaldu ziren.

GARA |

Igandetik astelehenerako gauean, Adif eta Euskotreneko dozena bat geltokitan sabotaje ekintzak gertatu ziren. Kalte materialak eragiteaz gain, abiadura handiko trenaren aurkako pintadak ere egin zituzten. Egunkari honetara igorritako ohar batean sabotajeen egileek beren gain hartu dituzte erasook eta AHTren aurkako ekintzak izan direla nabarmendu dute.

Erasotako enpresak izan ziren, Adif eta Euskotren, hurrenez hurren, sabotaje horien berri eman zutenak, ohar bidez. Hala, eurek adierazitakoaren arabera, Bizkaian eta Gipuzkoan izan ziren eraso horiek. Zehazki, Adifek zabaldutakoaren arabera, Bizkaian Trapagarango, Portugaleteko eta Bidebieta-Basauriko tren geltokietan izan zituzten erasoak, eta Gipuzkoan, aldiz, Donostian, Pasaian, Hernanin eta Villabona-Zizurkilen. Horietan, bidaia-txartelak ateratzeko makinei egin zieten eraso, eta, ondorioz, blokeatuta geratu ziren. Hala ere, erabiltzaileek ez zutela kalterik jasan azaldu zuen Adifek.

Helburua, Renferen diru iturria

Euskal Trenbide Sareak (ETS), bere aldetik, azaldu zuenez, berak kudeatzen dituen geltokietatik erasoa izan zutenak ondokoak dira, guztiak Bizkaian: Zaldibarrekoa, Durangokoa, Abadiñokoa eta Basaurikoa.

Gaineratu zuenez, Zaldibarreko geltokian, esaterako, hainbat pertsonek egindako erasoan, txartel makinei su eman zieten. Bideo-zaintzako kamerei ere pintura jaurti omen zieten, eta abiadura handiko trenaren aurkako pintadak egin zituzten.

Egunkari honetara igorritako ohar baten bidez, beren identitatea argitu ez duten pertsonek beren gain hartu dituzte sabotaje ekintza horiek. Horien bidez bidaia txartelak ateratzeko makinak blokeatu zituztela adierazi dute. «Renfe abiadura handiko trenbide guztien kudeatzailea da eta beraz, AHT-ak ekarriko lituzkeen kalte ekologiko, ekonomiko eta sozialen erantzulea. Argitu nahi dugu ekintza hau ez dugula inolaz ere bidaiariak kaltetzeko asmoarekin egin. Gure jomuga Renferen diru sarrera izan da, hori baita gaur egun Renferen motibazio bakarra», azaldu dute ekintza horiei buruz.

«Izan ere, deigarria da Renfek abiadura handiko saila garatzeko gogo eta indar guztiak jartzen dituen bitartean gero eta kaskarragoa den herri arteko sarea hobetzeko ez duela inolako esfortzurik egin», esanez amaitzen da ohar hori.

Bestalde, bai PSEk, bai Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Rafaela Romerok gogor gaitzetsi zituzten dozena inguru sabotaje horiek.

BLOKEATURIK

Gipuzkoako eta Bizkaiko hamabi bat geltokitan izan ziren sabotajeen ondorioz bidaia txartelak ateratzeko makinak blokeaturik geratu ziren. Gainera, AHTren aurkako pintadak egin zituzten alboan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo