«Babeli gorazarre» egin dio Patxi Baztarrikak, hizkuntza politika eta bizikidetza uztartuta
«Babeli gorazarre. Bizikidetzarako hizkuntza politika zilegi eta eraginkorra» saiakera politikoa kaleratu du Patxi Baztarrikak hizkuntza aniztasuna eta egungo gizartean hori kudeatzeko modua aintzat hartuta.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
«Auzi honen gakoa, finean, Babel madarikaziotzat hartu ordez bedeinkaziotzat hartzea da, hizkuntza aniztasuna baita gizakioi elkarren artean ulertzeko bidea ematen diguna», esan zuen atzo Patxi Baztarrikak (Ataun, 1958) Donostian egindako aurkezpenean. «Babeli gorazarre» (Alberdania) saiakera politikoa da eta hizkuntza aniztasunaren auzia eta bizikidetza aintzat hartu ditu lana osatzerako orduan. Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuorde izandakoak hiru ikuspegitatik egin ditu auzi horren inguruko gogoetak. Lehenengoa, globalizaziotik, «hizkuntzen auzia ez baita auzi lokala, globala baizik»; bigarrena, Europar Batasunetik eta Europa osatzen duten estatuetatik, izan ere, afera hori ez da «herrialde bakoitzaren arazoa, Europa osoarena baizik. Europa ezin da hizkuntzei bizkar emanez eraiki eta Estatu espainolean gauza bera, Estatu auzi bat da, Estatu eleaniztuna den neurrian», esan zuen. Azkenik, hizkuntzen afera eta, euskararena, Euskal Herritik eta, «batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko» errealitatetik aztertu du. Horrela, «euskararen auzia ez da euskaraz bizi nahi dutenena soilik, Euskal Herri osoarena baizik».
Funtsean, «sustapenean oinarritutako gogoeta» da Baztarrikak aurkeztutakoa, nahiz eta euskararen garapena ez den berdina izan zazpi lurraldeetan azken 25 urteetan. Bere iritziz, politika publikoei eustea, euskararekiko atxikimendua bultzatzea, euskaren erabilera bultzatzea eta maila guztietako herritar elebidunak onartzea ezinbestekoa da garapenari eta bizikidetzari heltzeko.