Kronika | «Bilbao-New York-Bilbao»
Kirmen Uriberen lan sarituak bidaian segitzen du, New York hiritik bueltan
Distiradun idazlea da gurean Kirmen Uribe, eta maite dute irakurleek, atzo «Bilbao-New York-Bilbao» liburuaren gaztelaniazko bertsioa ezagutarazteko Bilboko Arteria Campos Eliseos antzokian izandako ekitaldian egiaztatu ahal izan genuenez.
Anartz BILBAO
Oholtza berean Bilboko alkate Iñaki Azkuna, Felix Linares eta Gari musikaria elkartu zituen atzo Kirmen Uribek, «Bilbao-New York-Bilbao» nobelari buruzko solasaldian.
Arteria Campos Eliseos antzoki zaharberritua ezagutzeko ere baliatu zuen askok azken Espainiako Narratiba saria jaso duen idazlea ezagutzeko hitzordua, eta besaulki-patioa ez ezik, palko batzuk ere ikus-entzulez beterik ziren. Gehienak, hori bai, nagusiak eta, batez ere, emakumeak. Tartean, aurpegi ezagun franko: kultura munduko Juan Baas idazlea, Gontzal Mendibil kantaria, Aitzol Aramaio zinema zuzendaria -Uriberen lagun mina- edo Jon Kortazar euskaltzaina. Baita Bizkaiko Kulturako diputatu Josune Ariztondo -ondarroarra berau ere-, Bilboko Udaleko zinegotzi Julia Madrazo, Jose Luis Sabas eta beste ere (politikarien artean eta idazlearen familiarekin batera, beraientzat propio gordetako lehen lerroetan).
20.30ean agertokiko oihala jaso zutenerako kontu-kontari ziren Kirmen Uribe bera eta Felix Linares kazetari ezaguna, sofa dotore batean eserita eta goitik behera traje beltzez jantzita. Bikotea mintzo zen bitartean, nobelaren nondik norakoez jabetuz zihoazen ikus-entzuleak. «Zatika emandako lan bat dela, istorio asko kiribilkatzen dituena... eta autofikzioa darabilena...», eta beste. «Gainbehera datorren itsasoko bizimodua kontatu nahi nuen, baina nire erara, ez Txomin Agirrek bezala» aitortu, eta lana garatzerakoan izandako asmo eta «zalantzak» ere argitu zizkigun tartean idazleak. Gainera, Ana Arregik itzuli duen gaztelaniazko bertsiorako «aldaketa batzuk ere egin zituela» aitortu zigun, lagun giroan bagina legez.
Bilboko alkate Iñaki Azkunaren agerpenak moztu zuen Linares eta Uriberen arteko solasa. Eta Bilboko alkatea agertu bezain pronto, txaloka hartu zuten ikus-entzuleek. Alkate jaunak Alejandro Zugazarengandik jaso zuen Uriberen liburua, eta berak azaldu zuenez, «etxeko lanak beteta, nobelaren kritika egitera» agertu zen bertara. Zenbait pasarte goraipatu zituen -batik bat Bilbo aipatzen dutenak, `bere' Arte Ederretako museoko pasartea, kasurako-. Kontua da gustatu zitzaiola, antza, Uriberen liburua: «`Herriaren ikuspegi moderno eta zabala' eman nahi dut idatzi zidan Uribek liburuko eskaintzan, eta nire aburuz, bete-betean asmatu du» bukatu baitzuen jarduna.
Ekitaldia Gari musikariak itxi zuen, kantuan -eta Uriberen irakurraldiekin txandaka-. Aitor Oñederra debarra bideo-jockey lanetan eta Miguel Moyano gitarran lagun zituela agertu zen legazpiarra, eta irudipean, kasik ezkutuan eman zituen kantuak. Aurrena, nola ez, «Zaharra zara Bilbo», «Esperantzara kondenatua» aproposarekin segida eta ezezaguna suertatu zitzaigun batekin itxiera, akaso Uribe berak sortu hitzez emana?
Bilbotik Madrilera
Antzokiaren sarreran, eta ekitaldia noiz amaituko zain, salgai ziren Uriberen «Bitartean heldu eskutik» olerki sorta eta «Bilbao-New York-Bilbao» nobela, euskaraz zein gaztelaniaz. Jatorrizkoa euskaraz eta Elkar etxean eman zuen ondarroarrak, eta gaztelaniazko itzulpena Seix Barral argitaletxeak plazaratu du -aldi berean Edicions 62 etxeak katalanez eman zuen, eta Serais argitaletxeak galizieraz). Gaztelaniazkoaren kasuan, eta Seix Barral etxeak esandakoren arabera, Uribek hilabete eskasean agortua du lehenengo argitaraldia, 3.000 alekoa, eta plazaratu berria da bigarrena.
Bestalde, datorren ostiralean, apirilak 23, Madrilen izango da Kirmen Uribe, honakoan Quique Gonzalez musikariak lagunduta. «La noche de los libros» deituriko jardunaldiaren 5. edizioaren barruan izango da ondarroarraren parte hartzea. Bertan, laurehun idazle eta musikari inguru bilduko dira, 500 ekitaldi burutzeko.