GARA > Idatzia > Mundua

Qinghai 4.000 metrora izateak lurrikara osteko erreskate lanak oztopatu ditu

Gutxienez, 760 hildako eta 10.000 zauritu baino gehiago eragin dituen Qinghaiko (Txinaren menpeko Tibeten) lurrikara ondoko salbamendu lanetan jarraitu zuten atzo, baina eskualdea itsasoaren mailatik 4.000 metrora izateak asko zaildu du larrialdi zerbitzuetako kideen lana.

p017_f02_097x063.jpg

AFP

Txinaren menpeko Tibeteko Qinghai probintzian asteartean jazotako lurrikararen osteko erreskate lanetan zailtasun handiak dituztela adierazi zuten atzo salbamendu taldeetako kideek, 4.000 metrora izanik, oxigeno gutxi dagoela-eta. Gutxienez, 760 hildako eta 10.000 zauritu utzi ditu hondamendiak.

Yushu prefektura, lurrikarak bete-betean astindu zuen eskualdea, «munduaren zerua» izenez ezagutzen da, itsasoaren mailatik 4.000 metrora baitago.

«Erreskate-lanen oztopo nagusia garaiera da, eta salbamendu lanetako zakurrek ere zailtasunak dituzte garaiera honetara ohitzeko», azaldu zuen atzo Miao Chonggang larrialdi zerbitzuetako kideak.

«China Daily» egunkariak azaldutakoaren arabera, Himalaiako inguru menditsu horretako oxigeno kantitatea itsasoaren mailan dagoenaren erdia edota herena izan daiteke.

Liu Xiangyang lurrikaretako larrialdi zerbitzuetako arduradunaren esanetan, bere taldekideak ohituta daude horrelako egoeretara, ez baita halakoetan aritzen diren lehen aldia. Halere, bada beste zailtasunik: errepideak txikituta daude eta argindar eta telekomunikazio sareek kalte handiak izan dituzte. Gainera, bizirik ateratakoek tenperatura baxuak jasan dituzte gaua kalean pasa behar izan baitute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo