GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Susperraldi txikia, langabezia handia

Elkargi Elkarrekiko Garantia Elkarteak antolatutako XXI. Enpresaburuen Topaketan Garapenerako Banku Iberoamerikarraren presidente ohi Enrique Iglesiasek, Petronorreko eta Energiaren Klusterreko presidente Josu Jon Imazek eta, topaketako izar gisa, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko (OCDE) idazkari nagusi Angel Gurriak parte hartu zuten. Parte-hartzaile horien profila ezagututa, kapitalismoaren irudia eskaini zuen atzoko bilerak. Eta haien azterketak eta gomendioak ere, beraz, ikuspegi kapitalistari dagozkio.

OCDEko idazkari nagusiak datu on bat eskaini edo berretsi zuen, «guk bizitako ekonomia eta finantza krisirik handiena» atzean geratzen ari dela adieraziz eta munduko barne produktu gordinaren hazkundea iragarriz. Hala ere, hazkunde hori abiadura desberdinen araberakoa izango dela ohartarazi zuen, baita abiadura motelena Europaren hazkundeak izango duela. Baina, halaber, iragarri zuen hazkunde ekonomiko txikiarekin batera, Europan langabezia tasa handiak bospasei urte iraungo duela. Hain ezaguna ez balitz, esan liteke taktika ona dela albiste txar bat jakinarazteko lehenik positibo baten berri ematea. Aditu horientzat krisia gainditzea hazkunde ekonomikoaren ehunekoak gora egitea besterik ez da; hala ere, ikusten ari garenez, hazkunde ekonomiko hori ez dator enpleguaren suspertzearekin batera, ezta lan baldintzen hobekuntzarekin batera ere; aitzitik, krisiaren kontrako neurriek lan baldintzak kaskartzea ekarri ohi dute. Urrunera gabe, atzo Gurriak espainiar Gobernuaren «adorea» txalotu zuen, «oso neurri zorrotzak» hartu dituelako. Ez dago esan beharrik neurri horiek norentzat diren zorrotzak.

Atzo Donostian agertutako irudi hori, bestalde, barregarria ere izan zitekeen, krisiaren ondorioek milioika herritarren egoera larria eragin ez balute. Izan ere, beren buruari krisi ekonomikoa nolatan gertatu ote den galdetzea, aditu horiek inuzente itxurak egitea, barregarria baino duten azal gogorraren erakusgarri da. Ez dirudi eurak oso lañoak direnik, baina bai herritar gehienak inozotzat hartzen dituztela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo