GARA > Idatzia > Euskal Herria

Estrasburgora joango dira AHTren aurkako hainbat eragile

GARA |

AHT abiadura handiko trenaren proiektuaren aurkako hainbat eragilek, Europako Parlamentuan parte hartuko dute apirilaren 20ean. Estrasburgora joango diren elkarte horien artean izango dira AHT Gelditu!Elkarlana eta Iparraldeko CADE Ingurumenaren aldeko Elkartea. Horiez gain, Italiako NO TAV eta frantziar Estatuko hainbat lekutan abiadura handiko proiektuen aurka sortutako elkarteak ere bilduko dira.

Bisita horretako egiteko nagusia iragan urtarrilaren 23an, Hendaian, AHTren aurkako hainbat eragilek sinatu zuten ituna aurkeztea izango da.

Hilaren 20an, goizean, Europako Parlamentuaren aurrean kontzentrazioa egingo dute lehendabizi eta 10.00etan ituna aurkeztu ondoren, parlamentariekin bilera bat izango dute. Hori amaitutakoan, ordezkaritzek prentsaurrekoa eskainiko dute jardunaldiaren berri emateko.

AHT Gelditu!Elkarlanak azaldu duenez, Estrasburgon «Espainiako Gobernuak eta euskal erakunde autonomikoek sustatzen dituzten garraio eta azpiegitura politiken izaera `desarrollista' eta jasanezina» dela salatuko dute.

Elkartearen hitzetan, Europan mahai gainean dauden abiadura handiko proiektuekiko «hazten ari den aurkakotasunaren arrazoiak» azalduko dituzte bertaratutakoek.

Proposamena

Bestalde, AHTren lanek sortu dituzten arazoei irtenbidea emateko asmoz, Aralarrek erakunde-arteko batzorde bat osatzea eta horiei irtenbidea emateko trena eraikitzeko aurrekontuetatik diru kopuru bat hartzea proposatu zuen atzo Legebiltzarrean.

Bi proposamenak ez ziren onartu, PP, PSOE eta UPyDren aurkako bozekin. EAJk eta EBk alde bozkatu zuten eta EAk, berriz, abstenitzea hautatu zuen.

Aralarrek gogorarazi zuen, besteak beste, Aramaioko eta Arrasateko bizilagun askok, AHTren eraikuntza lanak direla-eta, beren etxeetara heltzeko arazoak dituztela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo