GARA > Idatzia > Ekonomia

Denboraldi berriko jantziek eta erregaiek martxoko prezioak igo zituzten

Kontsumo prezioen indizeak gorako joera hartu zuen berriz martxoan, batez ere jantzien denboraldi berria hastearen eta erregaien garestitzearen ondorioz. Urte arteko inflazioa dagoeneko %1etik gora kokatu da.

Pablo RUIZ DE ARETXABALETA | GASTEIZ

Prezioen jaitsiera edo mantentzea eten egin zen martxoan, aurreko hilabetearekin alderatuta ia atal guztietako indizeak igo baitziren. Martxoko KPI kontsumo prezioen indizea positiboa izan zen Hego Euskal Herriko lurralde guztietan. Arabak izan zuen igoerarik geldoena (%0,5), baina beste hiruretan ia puntu bat goititu zen (%0,9).

Jantzi eta oinetakoen prezioei dagokienez, udaberriko denboraldi berria hasteak eragin du prezioen igoera; lau puntu eta erdi baino gehiago igo ziren.

Halaber, erregaien prezioak garestitzeak, garraioen atalean %1,5eko igoera eragin zuen. Aisialdiko prezioek igoera bertsua izan zuten. Izan ere, bidaia antolatuak ere garestitu egin ziren, Aste Santuko oporrengatik. Alkoholaren eta tabakoaren prezioak jaitsi ziren soilik martxoan.

Urte arteko inflazioa

Iazko martxoko datuekin alderatuta, prezioen igoera handiagoa izan da, eta dagoeneko %1en gainetik kokatu da KPIa Hego Euskal Herri osoan .

Bizkaian izan du igoera handiena (%1,4). Araban %1,2 igo dira prezioak azken hamabi hilabeteotan; Gipuzkoan, %1,1 eta Nafarroan, %1,1.

Hortaz, urtebetean nabarmena izan da erregaien prezioaren bilakaera, iaz prezioak jaisten ari baitziren eta, egun, ostera, kontrako joera ageri baitute. Garraioaren inguruko produktuak ere garestitu egin dira.

Elikagaiak, berriz, iaz baino %1,8 merkeago daude Nafarroan eta %1,7 merkeago Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Hala ere, aldea otsailekoa baino txikiagoa da.

Estatu espainolean prezioak %0,7 igo ziren martxoan eta urte arteko tasa %1,4koa da. Azpiko inflazioa, elikagai freskoenak eta erregaien prezioak kontuan hartzen ez dituenak ere tasa positiboak erakusten ditu, bai hilabeteko inflazioan (%0,5), baita urte artekoan ere (%0,2).

Gobernu espainolaren iritziz, indize positibo horiek ekonomia suspertzen ari dela erakusten du. Hala ere, prezioen igoera ez da kontsumoa igotzearen ondorioz gertatu, erregaien prezioa igotzearen ondorio baizik.

Horregatik, UGT eta CCOO sindikatuek langileen erosteko ahalmena mantentzea eta hobetzea bermatzeko eskatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo