GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Hegalik gabeko txoriak

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Udaberrian sartuak gara eta lehen eguzki izpiekin batera, gure kaleak txorien kantuz bete zaizkigu autoen zaratarekin abesti eder bat osatuz. Urtaro honek gure odola aztoratzen duen moduan, txoriak ere aztoraturik dabiltza batetik bestera, eta horiekin batera, beste txori batzuk datozkit gogora, hegan egiterik ez duten txoriak, alegia. Dantzariak. Izan ere, hilaren 29 honetan, Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu osoko hegalik gabeko txorien omenez, eta hona hemen Julio Bocca dantzari argentinarrak txorien mokoez baliatuz lau haizetara zabalduko dituen hitzak: «Dantza diziplina, lana, irakaskuntza eta komunikazioa da. Dantzarekin besteek akaso ulertzerik izango ez lituzketen hitzak aurrezten ditugu, guztioi ezaguna zaigun hizkuntza unibertsal bat sortuz. Atsegina ematen digu, aske egiten gaitu eta txoriek bezala hegan egiterik ez izatearen kontsolamendua ematen digu, zerura gerturatuaz, leku sakraturantz, infiniturantz. Dantza arte gorena da, desberdina aldi bakoitzean, maitasuna egitearen hain antzekoa, ezen emanaldi bakoitza amaitzean, bihotz taupada biziak uzten dizkigu hurrena noiz iritsiko zain».

Hegalik gabeko txoriek ezin dute txoriaren berezko askatasuna lortu, eta horrexegatik zeruan dantzan dabiltzan txoriak imitatzen dituzte, grabitate indarra behin eta berriro gainditu nahian. Dantzariak jakin bai baitaki, txoriari hegoak ebakiz gero, eskuan izaterik izango lukeela, baina horrela ez zela txoria izango, eta dantzariek guztiaren gainetik txoria dute maite. Baina dantzariak ez dira hegalik gabeko txori bakarrak, antzerkia maite dutenak ere, irudimenean zehar hegan egitea maite baitute, euren ikusmenaz, entzumenaz, usaimenaz, ukimenaz eta dastamenaz baliatuz. Eta ez naiz sukaldariez ari, ez, sukaldea eta antzerkiaren arteko lotura nabarmenaz baizik. Sukaldariak hainbat osagai biltzen ditu eta guztiak nahastuz, sutan beratzen ditu plater gozo bat eskainiz, antzerki zuzendariak bezala. Bi artista hauen platerak mimo eta lan handiko prozesua eskatzen du, amaieran norbaitek gozatzerik izan dezan.

Sukaldea eta antzerkia, beraz, oso antzekoak dira La Fura del Baus talde kataluniarraren azken lanean dastatzerik izango dugun moduan. Izan ere, talde hau, Mugaritz jatetxearekin batera, Shakespeare-ren «The Lamentable Tragedy of Titus Andronicus» antzezlana oinarri harturik plater gozo bat ekoizten ari da. Maiatzaren 7an Tabakalera jatetxean estreinatuko den «Degustación de Titus Anronicus» antzezlana. Bortxaketak, gorputz atalen erauzketak eta kanibalismoa azaltzen dituen klasiko honekin, antzerkiaren eta dastamenaren arteko lotura agertzen saiatuko da taldea honen betiko izaera «furero»arekin. Ez da oholtzarik izango eta publikoa, aretoa inguratuko duten lau pantaila handiekin, musikarekin eta aktoreekin batera, ikuskizunaren parte izango da. Bi sukaldari ere izango dira unean uneko giro gastronomikoa sortu eta ikuskizuna amaitu artean aparteko oturuntza prestatzen. Menu bikaina. Bitartean, serio hasi beharko dugu udako dietarekin, maiatzaren 7an gure txori ipurdi mardulak sutan beratzea nahi ez badugu behintzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo