GARA > Idatzia > Ekonomia

Gipuzkoako metal arloko itun-proposamena ez duela atzera botako esan du Adegik

Amaia ZURUTUZA

Krisia gainditu ostean enpresak lehiakorragoak eta indartsuagoak izango dira eta munduko edozein lekutan egongo dira. Horixe baieztatu zuen atzo Adegi Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteko lehendakari Eduardo Zubiaurrek. Hala, lehiakortasun erronka horri erantzuteko, ezinbestean, enpresak malguagoak eta produktiboagoak izan beharko direla esan zuen. Enpresen helburuak lortzeko, ordea, gaur egungo lan merkatuak ez duela balio adierazi zuen.

Zentzu horretan, negoziazio kolektiboaren eredua langileen aldekoa dela kritikatu zuen eta ez diela enpresen beharrei erantzuten. Ildo horretatik, negoziazio kolektiboaren ereduak «ez digu balio», «agortuta dago» eta «ez da eraginkorra», adierazi zuen Zubiaurrek. Hala ere, negoziazio kolektiboan Adegi «gaurko eta biharko» enplegua defendatzen ari dela baieztatu zuen. Era berean, ordea, prozesu horretan Adegiren helburua enpresen lehiakortasuna bermatzea dela baieztatu zuen.

Lanaldia handitu

Gipuzkoako metalgintza arloko negoziazioan sindikatuek duten jarrera gogor salatu zuen Zubiaurrek. 60.000 langileri eragiten dien hitzarmena negoziatzeko mahaitik altxatu dira LAB, ELA, CCOO eta UGT, patronalaren proposamenak onartezinak direla uste baitute. Besteak beste, neurri hauek proposatu ditu Adegik: urteko lanaldia 58 ordutan handitzea, malgutasun orduak 65 izan beharrean 120 izatea, soldatak izoztea, antzinatasuna kentzea eta ABLE aldi baterako lan enpresen bitartez kontrata daitezkeen langile kopuruaren muga kentzea.

Zubiaurrek azaldu zuenez, Adegik aurkezturiko neurrien helburua enpresen lehiakortasuna handitzea da. Horretarako bidea soldatak izoztea eta lanaldia handitzea den galdetuta honela mintzatu zen: «Produktibitatea handitzeko, hemen ditugun lanaldiak oso murritzak dira». Lanaldi jarraia duten langileei ogitartekoa jateko duten tarteagatik ordaintzea ere kritikatu zuen. «Ogitartekoa jateagatik Gipuzkoan ordaindu egiten ditugu minutu horiek!», esan zuen, «ez du zentzurik».

Horren haritik, gogora ekartzekoa da ELA sindikatuak orain hilabete pasatxo prentsa agerraldi batean nabarmendu zuena, alegia, Gipuzkoako metal arloan egoera larria bizi duten enpresen arazoa ez direla ez langileen soldatak ez lan baldintzak. Hala eta guztiz ere, krisia gainditzeko, lanaldia handitu eta soldatak jaitsi behar direla aldarrikatzen du patronalak. Aitzitik, eurogunera begiratuta, arazoa soldatak eta lan baldintzak izango balira, Alemania eta Danimarka gisako herrialdeak leudekeela egoera okerrenean azaldu du ELAk, eta egoera guztiz bestelakoa dela, arazo handienak soldata txikiak dituzten eta prekarietate handia dagoen herrialdeetan izan direla, Estatu espainolean, Grezian eta Portugalen.

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk elkarretaratzea egingo dute gaur Adegiren egoitza parean. Patronalak, ordea, bere proposamenak ez dituela atzera botako esan zuen atzo, euren enpresen beharrei erantzuteko «beharrezkoak» direlako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo