Mikel Aramendi Kazetaria
Jainkoaren lanari zor zaion begirunea
Nola ez da ba Jainko sentituko eskarmentu handieneko finantza marrazoei ere ziria hain erraz sartzen diela ikusten duena!
Urte erdia ez da igaro Lloyd C. Blankfein, Goldman Sachs banketxeko agintari exekutibo nagusiak bera bezalako bankariek «Jainkoaren lana» egiten zutela adierazi eta hautsak harrotu zituenetik.
Biharamunean, piztutako zalapartaren aurrean atzera egin zuen, txantxetan botatakoak serioegi hartzen zitzaizkiola eta abar esanez. Geroztik jakin dugunaren arabera, haatik, ateraldi hura gehiegikeria ez baizik aitorpen tolesgabe baten antzeko zerbait izan zela esatekotan nago. Jainkoa bera bezain ahalguztidun sentitzeko arrazoiak bazituzten, behintzat, GSko buruek.
Aura berezia, ilunaren ilunaz (urrea bezain distiratsua irudiko zaie beste batzuei, hala ere), izan du ia betidanik Goldman Sachsek, 1929ko krisiaren atarikoetan izan zuen paper gogoangarriagatik, besteak beste. Eta oraintxe gainean dugun anabasa ekonomiko honen sorreran eta garapenean ere izandako zerikusiaz dakigunak ez du hobetzen, alajainkoa, haren izen ona. Euroaren sorreraren aurretik hasi eta ondorengo hamarkada osoan Greziako estatu zorra mozorrotu eta ezkutatzen izan duen betekizuna gaingiroki baino irentsi ez dugunean, etorri da hurrengoa.
SECek, AEBetako finantza merkatuen garbitasunaz arduratzen (?) den erakundeak, auzitara eraman du joan den astean Goldman Sachs, haren arduradun gorenetako bat -Fabrice Tourre- medio, 2007-2008an subprime hipoteken gain eratutako CDO batzuekin azpijokoz iruzurra egin izana egotzita. «Produktua berria eta korapilatsua zen, baina iruzurra eta azpikeria ohikoa eta sinplea», esan du ikertzaileetako batek. Funtsean, ulertu dudanez, Paulson funts espekulatzailearekin elkarlanean, mailegu zaborreria saltzen zieten beraien gisako batzuei (ABN Amro, IKB eta abar)... aldi berean «produktu» haien prezioek behera egingo zutela apustu egiten ari zirela adierazi gabe. Eta, nola ez, zabor-fardel haiek behera egin zuten, amarruaren asmatzaileek ikusgarrizko mozkinak eskuratzen eta halakoen erosleek porrot galantak pairatzen zituzten bitartean...
Nola ez da ba Jainko sentituko eskarmentu handieneko finantza marrazoei ere ziria hain erraz sartzen diela ikusten duena! Kide horietako gehienak (Merrill Lynch, JPMorgan, Citigroup, Deutsche Bank, UBS etab.) oso antzeko azpikeriatan aritu zirela garai bertsuetan eta, bide batez, SECen jo puntuan leudekeela une honetan entzuten denez, ordea, Olinpo politeista baten aurrean gaudela suposatu beharko dugu, eta ez Jainko monoteistaren aitzinean. Ez ote litzateke, halere, egokiagoa («kasinoko kapitalismoa» esapidea, azkenean, metafora ez baizik deskribapen zekena izango dela onartuz) XIX. mendean Mississippi ibaiko steamboat haietan elkarri -eta are aiseago noizean behineko jokalari tolesgabeei- ziria sartuz bizi eta hiltzen ziren arrakero haiekiko kidetasuna gogoratzea?
Cheater haiei buruzko film gehienetan bezala, piztien arteko liskar dibertigarria litzateke hau dena egungo krisi orokorraren sorburuan egon den finantza krisiaren abiapuntua izan ez balitz, eta hartan eroritako banketxeak eta gainerakoak biziberritzen xahutu diren dirutzak denon poltsikotik atera ez balira.