Kirgizistango Gobernu berriak arazo larriak ditu ordena publikoa zaintzeko
Kirgizistandar eta beste komunitateen arteko liskarrak direla-eta, ordena publikoa ezartzeko arazo larriak ditu Bishkekeko Gobernua berriak, Errusia eta Uzbekistanen sostengua badu ere. Artean, Kurmanbek Bakiev presidente ohia Bielorrusian errefuxiatu da.
GARA
Kirgizistango agintari berriek arazoak zituzten atzo Erdialdeko Asiako herrialde honetan ordena publikoa mantentzeko, bost hildako eragin zituzten istiluak izan eta hurrengo egunean.
Bitartean, agintetik kendu zuten Kurmanbek Bakiev presidente ohia Bielorrusian errefuxiatu da, bertako presidente Alexander Lukaxenkok adierazi zuenez. Horrela, Bakieven etorkizunari buruz azkenaldian izandako informazio gabezia amaitu zen.
Ehunka polizia Maevka herrian patruilatzen ari ziren atzo. Bishkek hiriburuaren kanpoaldean kokatzen den herri honetan istilu larriak izan ziren poliziarekin, kirgizistandarrak errusiar eta turkiarren lurrak eskuratzen saiatu zirenean.
«Probokatzaile eta taldeburu guztiak legeak agintzen duenaren arabera zigortuko ditugu», nabarmendu zuen Bakiev boteretik kendu zutenean osatutako behin-behineko Gobernuak.
Moskun, Errusiako presidente Dimitri Medvedevek Kirgizistango Gobernu berriari sostengua adierazi zion, Uzbekistango presidente Islam Karimovekin bildu ostean.
«Errusiak eta Uzbekistanek Kirgizistango agintariak indartsu izatea eta herri osoa oparoaldian bizitzea nahi dute», esan zuen Medvedevek, Errusiako agentzien arabera.
Maevkan izan ziren istiluek bost hildako eragin zituzten. Horietako bik bala zauriak jasan zituzten, Kirgizistango Osasun Ministerioak adierazi zuenez. Honekin batera, 40 zauritu izan ziren, horietako hamar poliziak, Barne Ministerioaren arabera.
Herri honetan kirgizistandarrak, errusiarrak eta turkiar meshketiar bizi dira. Azken hauek 1944ra arte Georgian bizi ziren, Stalinek Erdialdeko Asiako lurretara deportatu zituen arte.
«Istiluak sortu zituztenak Maevkara etorri ziren eta kolpeka, lapurretan eta hiltzen hasi ziren», kontatu zion kazetariei bertako biztanle batek. «Batez ere herriko turkiarren etxeetan lapurretak egin, eta gero erre egin zituzten».
Maevkan gertatutakoaren ondoren, 130 lagun atxilotu zuen Poliziak Kirgizistango Barne Ministerioak emandako datuen arabera.
Kargutik kendu zuten Kurmanbek Bakiev Kirgizistango presidente ohia Bielorrusian izango da errefuxiatu, atzo Minsken, herrialdeko presidente Alexandre Lukaxenkok, iragarri zuenez.