Errusiar katalogoa hartuko du oinarri Musika Hamabostaldiak
Donostiako Musika Hamabostaldiak errusiar katalogoari egingo dio erreferentzia abuztuaren 7an abiatuko den 71. edizioan. Hala, Valery Gergiev, Vasily Petrenko, Mikhail Pletnev eta Tugan Sokhiev zuzendariak izango dira nazioarteko orkestrarik ospetsuenak zuzentzen, eta Chopin, Schumann, Wolf eta Mahler musikarien urteurrenak ere gogoan izango dituzte.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Munduko eskola emankor eta interesgarrienetako bat izaki, Musika Hamabostaldiak errusiar musika izango du hizpide abuztuaren 7tik irailaren 3ra abiaraziko duen 71. edizioan. Hala, Valery Gergiev, Vasily Petrenko, Mikhail Pletnev, Tugan Sokhiev, Vadim Repin, San Petersburgoko Mariinsky Antzokiko Orkestra Sinfonikoa eta Errusiako Orkestra Nazionala izango dira jaialdiak errusiar katalogoari egingo dion erreferentzia bermatuko duten artistetako batzuk.
Kursaal auditoriuma izango da Errusiaren oroitzapenaren lekuko nagusia, Mariinsky Antzokiko Orkestra Sinfonikoak (abuztuak 7, 8, 9) inauguratuko duelarik agertoki horretarako aurreikusitako egitaraua, Gergieven zuzendaritzapean -laugarren aldia izango da zuzendari honek Donostian emanaldia eskaintzen duena-. Horren atzetik, Liverpooleko Orkestra Filarmonikoak (abuztuak 17 eta 18) hartuko du txanda, Iñaki Alberti soinujoleak eta Sa Chen piano jotzaileak toki nabarmena izango dutelarik. Vasily Petrenko izango dute zuzendari.
Errusiako Orkestra Nazionalak, Mikhail Pletneven gidaritzapean egingo dituen bi emanaldietan errusiar osagaiak izango dira nagusi, bai musikagileei dagokienez, bai jardungo duten bakarlariei dagokienez. Antolakuntzaren arabera, aipagarria da Vadim Repim errusiar biolin jotzailearen parte hartzea, Txaikovskiren omenezko kontzertu gailenetako bat interpretatuko baitu.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Andra Mari abesbatzak (irailak 2) Rakhmaninovi eskainitako programa osatuko dute eta, besteak beste, 2. sinfonia entzun ahal izango da, «Spring» kantataren ondoren. Hamabostaldiari amaiera Tolosako Kapitolioko Orkestra Nazionalak emango dio, Donostiako Orfeoiarekin batera (irailak 3) eta Tugan Sokhieven zuzendaritzapean. Bi taldeek Txaikovskiren sinfonia ospetsuenetako bat interpretatuko dute eta «Alexander Nevsky» lanarekin itxiko dute 71. edizioa.
Halaber, Hamabostaldiak arreta berezia eskainiko die zenbait musikagileren urteurrenei. Frederic Chopin (1810-1849) poloniarraren jaiotzaren 200. urteurrena ospatuko du, baita Schumannen (1810-1856) jaiotzarena ere. Hugo Wolf (1860-1903) eta Gustav Mahler (1860-1911) dira Hamabostaldiak gogora ekarriko dituen beste bi erreferentziak, horien jaiotzaren 150. urteurrena betetzen baita aurten.
Opera eta balleta
Opera izango da Kursaal auditoriuman entzun ahal izango den beste generoetako bat. Urtebete antzezpenik gabe igaro ondoren, aurtengoan Mussorgskiren lan nagusietako bat, «Boris Godunov» opera (abuztuak 26 eta 27) izango da ikusgai. Hamabostaldiak eskainiko duen bertsioa Xostakovitxek Bolxoi antzokiaren aginduz egindako egokitzapena da. «Bertsio horrek zailtasun handiak ditu interpretazioari dagokionez, eta horregatik oso gutxitan interpretatu da 1960. urtean estreinatu zenetik», esan zuten Hamabostaldikoek. Helikon Opera Theatre antzokiko orkestra eta abesbatza izango dira taula gainean.
Operaz gain, halaber, errusiar balletak ere izango du zer erakutsi 71. edizioko egitarauan. Kasu honetan, bi emanaldi izango dira (abuztuak 30 eta 31), Diagileven Ballet mitikoen tradizioaren oinordeko diren Montecarloko Balleten eskutik. Hala nola, «Udaberriaren sagaratzea» edo «Scheherezade» lanak interpretatuko dituzte.
Sarreren salmenta maiatzaren 21ean abiaraziko da, Kursaal eta Victoria Eugeniako leihatiletan, Servikutxan, 943 00 12 00 telefonoan edo Internet bidez www.quincenamusical.com eta Kutxa.net atarietan.
Urtebete antzezpenik gabe igaro ondoren, opera Hamabostaldira itzuliko da; aurtengoan, Musorgskiren lan nagusietako bat, «Boris Godunov» opera izango da ikusgai (abuztuak 26 eta 27), Xostakovitxek Bolxoi antzokiaren aginduz egindako egokitzapena interpretatuko delarik.
Formatu txikiko proposamenak Victoria Eugenian ikusi ahal izango dira. Elisabet Leonskaia piano jotzaile georgiarrak emango dio hasiera aurten urteurrena betetzen duten musikagileen zikloari. Schumann eta Chopinei eskainitako kontzertuaren ondoren (abuztuak 10), San Petersburgoko Smolny Katedraleko abesbatzak Rakhmaninoven «Bezperak» (abuztuak 11) interpretatuko du. Abuztuaren 27an, Rafal Blechazek poloniar errepertorioko Szymanowski eta Chopin musikagileak nabarmentzen dituen programa eskainiko du. Piano jotzaile gazte horrek, Tokyo laukote beteranoari -40 urteko ibilbidea dute- emango dio lekukoa (abuztuak 29).
Ewa Podles kontraltoak (abuztuak 31), Hamabostaldiaren arabera «lirikaren alorrean ezinbesteko erreferentzia denak eta bere erregistroko ahotsik onenetakoak», eta Anna Marchwinska piano jotzaileak entzuleak ilustratzeko aukera emango dute Chopin herrikideari eskainitako errepertorioan.
Victoria Eugeniako emanaldiei amaiera emateko, Ian Bostridge britainiar tenoreak eta Angelika Kirchschlager austriar mezzo-sopranoak (irailak 1), Hugo Wolf austriarrak utzitako lieder katalogo zabalaz gozatzeko aukera emango dute.
Azkenik, ohiko ziklo paraleloek osatuko dute jaialdiaren programazioa eta, ohikoa denez, hainbat agertokitan izango dira. Hala nola, Santa Teresa komentuan Antzinako Musikaren zikloak, Musika Garaikidearen zikloak, Interprete Gazteen zikloak -Musikeneri lotutako musikariekin-, Organorako osatutako musikak, Hamabostaldi Ibiltaria eta Chillida Leku museoaren inguruan egiten diren zikloak, «jaialdi askotarikoa, irekia eta heterogeneoa bihurtzen dute Hamabostaldia», antolakuntzak ohar batean gaineratu zuenez. A.K.