GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gosea, oinarrizko eskubideak eskatzeko bide

Aspaldikoa, oso aspaldiko kontua da preso politikoek kartzelan dituzten baldintzak ez direla samurrak. Eta egoera hori gutxi balitz bezala, haien egoerak okerrera egiteko arriskupean bizi dira maiz. Txus Martinen kasua da. Atzo ospitalera eraman zuten, duela 24 egun hasi zuen gose grebaren ondorioz, 2002ko urtarrilean Estatu frantsesean ezarri zioten kartzela zigorra betetakoan Estatu espainolera kanporatua izatearen aurka hasi baitzuen gose greba. Eta ez da bide horri, sufrimenduari, heldu dion euskal preso bakarra. Alberto Saavedrak ere hurrengo egunetan beteko du kartzela zigorra eta Estatu frantsesetik kanporatua izateko arrisku berean dago. Hurrenez hurren, zortzi eta sei kartzela urte bete ondoren, tortura salaketak ohikoak diren estatu batera egotzi nahi dituzte, non joan den asteko atxilotuek salatu dituzten eskubide urraketak jasan litzaketen. Eta garai batean giza eskubideen defendatzaile sutsu gisa harrotzen zen Estatuak egotzi nahi ditu, bien lagun Joseba Fernandez bakartuta duen Estatuak, hain zuzen. Hirurek bide gogorra hautatu dute, edo ez diete beren egoera salatzeko beste aukerarik eman. Ez dute inolako pribilegiorik eskatzen, oinarri-oinarrizko eskubideak errespetatzeko baino ez. Horrenbestez, bidezko eskakizun baten alde osasuna arriskuan jartzeraino iritsi diren preso horiek elkartasuna merezi dute. Eta justizia, jakina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo