GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iñaki Lasa Kontseiluaren ildo politiko-instituzionaleko arduraduna

Aldaketa

Nonbait aldaketa beharra badago, euskararen normalizazioaren alorrean da. Izan ere, gaur egun, erabat ezinezkoa da euskaraz bizitzea, 30 urteko hizkuntza-politikak ez baitigu aukera hori ahalbidetu. 30 urte pasatu ondoren, gehiago gara euskaldunak, baina berberak dira euskara erabili nahi dugunean topatzen ditugun oztopoak

Euskal hiritarrek aldaketarako tartea nahi dutela adierazi dute, eta berori askatasuna defendatzeko aukera paregabea da, baita bakea, berdintasuna, elkarbizitza tolerantzia eta aniztasun politikoa lortzeko ere. Eta hori guztia elkarrizketan, akordioan, adostasunean oinarritutako ekintza politikoaren bitartez». Horrela adierazi zuten EAEko sozialistek eta popularrek «Euskal gizartearen zerbitzurako aldaketa demokratikoaren oinarriak» izeneko dokumentuan, haien aldaketa-gobernurako oinarriak finkatzean. Aldaketa da, beraz, oraindik ere, haien jarduna definitzeko etengabe erabiltzen duten hitz gakoa.

Inon aldaketa beharra badago, euskararen normalizazioaren alorrean da. Izan ere, gaur egun, erabat ezinezkoa da euskaraz bizitzea, 30 urteko hizkuntza-politikak ez baitigu aukera hori ahalbidetu. 30 urte pasatu ondoren, gehiago gara euskaldunak, baina berberak topatzen ditugun oztopoak euskara erabili nahi dugunean. Euskararen normalizazioak egiturazko arazoak topatzen ditu, ez baitira ezagutza hazi den neurri berean sortu erabiltzeko aukerak. Aldaketa behar du, beraz, hizkuntza-politikak, aldaketa euskararen normalizazioak, aldaketa behar dugu euskaraz bizi nahi dugunok.

Ezagutzaren unibertsalizazioa. EAEko herritar guztiek ezagutu behar dute euskara, euskararen ezagutza unibertsala ezinbestekoa da euskaraz bizi ahal izateko, elebakarrak ezarri egiten baitu bere hizkuntza kasu guztietan. PSE eta PPren aldaketarako oinarrietan, askatasuna, berdintasuna, elkarbizitza eta tolerantzia aipatzen dira, ongi aipatu ere. Hizkuntzen alorrean, ordea, euskara ezagutzen ez duenak ez du erabiltzeko askatasunik eta gainera, erabili nahi duenaren askatasuna zapaltzen du. Euskara ez ezagutzeak desberdintasunak sortzen ditu, euskalduna, elebiduna den neurrian aberatsa da, pobrea hizkuntza bakarra ezagutzen duena, baina, hala ere, pobreak bere pobrezia ezartzen du bera dagoen bitartean hizkuntza bakarrak duelako lekua: bereak. Elebakarrak ez du ahalbidetzen ez elkarbizitza, ezta tolerantzia ere. Soilik biak ezagutzen dituenak erraztu dezake elkarbizitza. Soilik biak ezagutzen dituena izan daiteke tolerantea. Ondorioz, aldaketarako oinarriak, askatasuna, berdintasuna, elkarbizitza eta tolerantzia badira, ezinbestean euskararen ezagutzaren unibertsalizaziora jo behar da.

Helburua lortzeko bi bide ditugu: hezkuntza sistema eta helduen euskalduntzea. «Aldaketarako Gobernuaren» diskurtsoa eta praktika, ordea, norabide okerrean doaz. Hezkuntza Sailean badakite guztiz betegarria dela belaunaldi berriak oso-osorik euskalduntzea D eredua abiapuntu hartuta, erreforma zehatz batzuk eginez. Irakasleen hizkuntza kalitatea hobetuz, ratioak txikituz, ebaluazio sistema egoki bat ezarriz, irakasleak ez diren langileak euskaldunduz, materialak egokituz, helburuak egoki definituz, ahozkotasunari garrantzi handiagoa emanez eta hezkuntza sisteman inbertsioak handituz, beste neurri batzuen artean ezagutzaren unibertsalizazioranzko pauso sendoak emango genituzkeela badakite, baina kontrako norabidea hartu dute.

Esperimentu bat proposatu digute ikasleek, hizkuntza desberdinetan lortu behar dituzten helburuak zehaztu gabe, irizpide argirik gabeko gutxieneko ordu banaketa bat ezarriz, ikastetxeen autonomiari dei eginez eta egiturazko arazoei egiturazko aldaketak ezarri gabe, 30 urtez metatu ahal izan dugun esperientziak ezertarako balioko ez balu bezala. Gainera, oraindik ere, euskararen ezagutza bermatzen ez duten ereduak hautatzea eskubide gisa aurkezten dute haien diskurtsoan. Bihar, etzi eredu horietatik pasatutakoak izango dira euskaraz bizitzea eragotziko dutenak, elkarbizitza eta tolerantziaren kontrako eragile aktiboak. Ez gaude esperimentuetarako, esperimentuak iraungo duen hiru urte hauetan milaka ikasle arituko da haien euskalduntzea bermatuko ez duen ereduetan eta ondorioz, euskaraz bizi nahi dugunon etorkizuna baldintzatuko dute horrela. Hau ez da aldaketa, hau orain artekoa da.

Diru inbertsioak. Hona hemen PSEren konpromisoa: «Euskaraz egindako jarduera kulturalen finantzaketa publikoari eustea, konpromiso garbi-garbia hartuz ez dela haien hornidura ekonomikoa gutxituko, eta gaztelaniaz gauzatzen den euskal kultura babesteari kalterik ekarri gabe».

Krisi ekonomiko handi baten erdian gaudela eta sektore ekonomiko batzuei aurreikusi gabeko diru laguntzak ematen zaizkien bitartean, automozioa, elektrotresnak, leihoak... Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontuak 2.456.745 euro gutxiago ditu, %4,34ko jaitsiera. Gerriko estutzeak eta krisiak eragindako egokitzapenak euskalgintzara iritsi dira, nahiz eta elkarbizitzarako eta, oro har, gizartearen kohesiorako garrantzi handiko gaia izan euskararen normalizazioa.

Euskararen alde egiten ez dena ere hizkuntza-politika den neurrian, «Aldaketarako Gobernuak» egin ez duenak ere erretratatu egiten du. Horrela, EAEn salerosten diren produktuen etiketak edota enpresek banatzen diguten publizitatea euskaraz ere egon dadin zer egingo duten ez dute esan, zine aretoetan gaurkotasunezko pelikulak euskaraz ere egon daitezen ezer egingo duten ez dakigu, hedabideetan euskararen presentzia gutxienez ezagutza tasaren araberakoa izan dadin, Lanbide Heziketaren eskaintza osorik euskalduntzeko zer neurri hartuko duten edo alor sozioekonomikoan euskaldunon hizkuntza-eskubideak etengabe eta sistematikoki urratuak izan ez daitezen zer neurri hartuko duten ez dakigu. Agian ez dute neurririk hartuko eta espainola sustatzen segituko dute, orain arte bezala, alegia.

Bitartean, lan eskaintza publikoetan, euskararen eskakizunari dagokionez, aldaketak iritsi dira. Hor bai, aldaketa nabarmenak. 2000ko lan eskaintza publikoan administrarien kasuan lanpostuen %71,69k derrigortasun data zuten; 2010eko eskaintzan, aldiz, soilik %63k du derrigortasun data. Administrari laguntzaileen kasuan, 2000ko EPEan lanpostuen %61,50ek zuen derrigortasun data; orain, aldiz, %48,27k du derrigortasun data. Menpekoen kasuan 2000ko eskaintzan lanpostuen %50,35ean derrigorrezko zen euskara jakitea, eta oraingoan lanpostuetako %72,39k betekizun hori dauka, baina 1. hizkuntza eskakizuna eskatzen da eta maila hori ez da inolaz ere nahikoa, ezta ikastetxeetako ikasleekin aurrez aurreko elkarrizketa bat izateko ere.

Aldaketa polita, baina, euskararen normalizazioaren kontrakoa, dudarik gabe. Berdintasuna, elkarbizitza eta tolerantzia hizkuntzaren alorrean ez dira «aldaketa» hauei esker sustatuko, desberdintasuna, gatazka eta intolerantzia ereiten dutenak... Euskaraz bizi nahi dugu, bizi nahi dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo