Dassault-eko CGTk, irabaziak handitu direlarik, ez du soldatak ez igotzea onartzen
Dassault hegazkingintza enpresak Biarritzen duen lantegian beste lanuzte bat egin zuten atzo. CGTk ez du onartzen enpresak soldatak izoztu izana, are gutxiago, iaz «sekulako irabaziak» izan zituela kontuan hartuta.
Arantxa MANTEROLA | BIARRITZ
CGT sindikatuak deiturik, dozenaka langilek beste lanuzte eta mobilizazio egun bat izan zuten atzo Dassault-Aviationek Lapurdin duen enpresan. Badira bi aste zuzendaritzari «benetako negoziazioak» berrabiaraz ditzan eskatzen ari direla, baina ez dute helburua lortu.
Langileen haserrearen zioak, batez ere, urteko hitzarmenean soldatak ez igotzearekin eta langileen lan-kategoriekin du zerikusia. CGTko ordezkari Jacques Dassek adierazi duenez, «2010erako igoera orokorra %0 izan da eta banakako igoerei dagokienez, murrizketa gogorrak izan dira».
Alta, ez dira bi gaiok arrangura eragin duten bakarrak, sindikatuaren esanetan. Izan ere, «lan-baldintzen okertzeak» ere berebiziko ardura sortzen die.
Krisia dela-eta, azken hilabeteotan lan erregulazioan daude Dassaulten. «Urriaz geroztik, hilean sei eguneko langabezia izan dugu. Plangintzaren arabera, apirilean eta maiatzean hiruna egun izango ditugu», adierazi zuen, langileei «inposaturiko sakrifizioak» nabarmenduta.
Egoera «osasuntsua»
Hala eta guztiz ere, hegazkingintzan diharduen industria-taldea «osasuntsu» dagoela uste du CGTko idazkariak: «Neurri hauek gorabehera, taldea ez dago estutasunean, ez horixe. Iaz izan zuen fakturazioari begiratzea besterik ez dago: 2.750 milioi euro. Hortik, 266 milioiko irabazi garbiak izan ditu, hau da, iaz baino %51 dibidendu gehiago banatu ditu Serge Dassaultek akziodunen artean».
Lan zamari dagokionez, eskaeren egoera ere ez da txarra. «Eginak zeuden eskari batzuek atzera egin duten arren, datozen hiru urterako lana badugu», aitortu du Dassek.
Alde horiek guztiak kontuan hartuta, sindikatuak uste du langileen errebindikazioak «bidezkoak» ez ezik, «asegarriak» ere badirela. Langileek «soilik akziodunen irabazi-egarriari begirako politika makurra» ezin dutela gehiago jasan gaineratu du, «aberastasunaren banaketan oinarritutako bestelako politika soziala» aldarrikatzearekin batera.
Dassault-Aviationek Biarritzen eta Angelun dituen lantegietan hegazkin militarrak eraikitzeko hainbat zati egiten dira, zehazki, Falcon hegazkinentzat fuselajeak eta muntadurak eta Rafalen hainbat atal ere bai. Ipar Euskal Herriko industriagintzako enpresa handienea da 1.000 langile ingururekin.