GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko FANT jaialdiak afixa eta zinemaz kanpoko ekitaldiak aurkeztu ditu

Bilboko zinema fantastikoaren jaialdia maiatzaren 3tik 9ra izango da aurten. Atzo, erdi armiarma erdi emakume bat buru duen afixa aurkeztu zuen jaialdiak, zinema aretoetatik at burutuko dituen ekintzekin batera: Gaitzerdiren antzerki lan bat eta The Master Plan taldearen zuzeneko kontzertua. Zinemari dagokionez, aurten 362 film labur jaso ditu FANT jaialdiak, eta Nontzeberriko nazioarteko lehiaketara aurkeztu diren 150 lan emango dituzte.

p041_f02_097x124.jpg

A. B. | BILBO

FANT Bilboko zinema fantastikoaren jaialdiaren afixa aurkeztu zuten atzo. «Modu enigmatikoan ehotzen ari den erdi emakume erdi armiarma batek ematen dio bizia FANTen irudiari. Eta beharbada genero fantastikoaren zaleak bereganatuko dituen amarauna da ehotzen ari dena».

Jaialdia maiatzaren 3tik 9ra izango da. Zinemari dagokionez, FANTek 362 film labur jaso ditu edizio honetan -iaz jasotakoen hirukoitza baino gehiago-. Film horiek lehiatuko dira epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren bi lanei zuzendutako 3.000 euroko bi sari berriak eskuratzeko.

Horrez gain, 150 film labur inguru aurkeztu dira www.nontzeberri.com kultura atariak antolatutako nazioarteko on-line lehiaketan. Horietatik hoberenak zinemaldi honetan eman eta sarituko dituzte, Nontzefilmak sekzioaren barruan. Bestalde, Fantrobia sariak aurretik karrera bikaina izan dezaketen gazteen talentua sarituko du berriro ere.

Bilbok zinema fantastikoari eskaintzen dion jaialdiak, ohi duen legez, zinema aretoetatik landa ere ekitaldi sorta antolatu du, FANT girotzen joateko. Eta hasteko, Gaitzerdi Teatro taldeak afixan dagoen izakiaren esnatzea eszenifikatuko du maiatzaren 2an, igandea, eguerdiko 13:00etan Abandoibarran, Guggenheim Bilbao museoko armiarmaren ondoan.

Rock & roll

Gainera, zinema bikainez betetako astearen aurrerapen gisa, zuzeneko musika emanaldia ere izango du FANTek Kafe Antzokian. Apirilaren 30ean, Master Plan taldeak bigarren diskoa, «Maximum Respect», aurkeztuko du, Teté y los Ciclones taldearekin batera.

The Master Plan New York hiriko talde indartsua da, eta The Dictators taldeko Andy Shernoff du buru, ondoan The Fleshtones dibertigarrietako Keith eta Bill dituela. Teté y los Ciclones berriz, Tete Delgado antzezle ezagunaren rock & roll egitasmoa dugu, 50eko hamarkadako soinua jorratzen duena.

ARMIARMA ERASOA

Gaitzerdi Teatro taldeak afixan dagoen izakiaren esnatzea eszenifikatuko du maiatzaren 2an, igandea, eguerdiko 13:00etan Abandoibarran, Guggenheim Bilbao museoko armiarmaren ondoan.

Fitxa

Maiatzak 2: Gaitzerdi Teatro. 13.00etan Abandoibarran.

Apirilak 30: The Master Plan + Tete Delgado.

21.00etan Kafe Antzokian.

6 euro.

FANT: Maiatzaren 3tik 9ra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo