Laura Mintegi idazlea
Tortura
Somozaren poliziak torturatu zuen Humberto Ortega, Danielen anaia. Aurkeztu zidaten egunean eskua luzatu nion agurtzeko eta besaurrea eskaini zidan, ez zeukalako eskurik. Torturek muinoi bat utzi zioten eskuaren ordez, eta berau estalirik zeraman larru beltzeko eskularruaz. Barkamena eskatu zidan eskua eman ezin izanagatik, eta torturatua izan zela kontatu zidan.
Beste sandinista batzuen testigantza ezagutu nuen geroztik. Urteak igaro ostean, negarrez hasten ziren kontatu bitartean. Denborak ez du ezabatzen torturaren esperientzia. Badut lankiderik urtero-urtero depresioak jota egoten dena torturatu zuten urteurrena hurbiltzen denean.
Tortura ekimen kontzientea da, jarduera fisikoa eta psikologikoa, gizakiari estuki lotua (animaliek ez dute torturatzen), helburu zehatza du eta tresna gisa erabiltzen da. Azken xedea ez da oinazea eragitea. Xedea botere erlazioa markatzea da.
Tortura ez dago lotuta halabeharrez sadismoarekin. Horregatik gerta daiteke, espazio politikoa markatu ondoren, torturatzailea torturatuen bizitzaren inguruan interesa agertzea, zigarro bat eskaini eta gai arruntez mintzatzea. Eta horren ostean, tortura saioarekin segitu, lanera itzulita. Tortura ez delako kontu pertsonala, politikaren jarduera baizik.
Tortura, beraz, politika egiteko motetako bat dugu, politikoek erabakitzen dute, haren efektuaz baliatzen dira, eta beraiek ezaba dezakete... baina ez dute ezabatu nahi, funtzio garrantzitsua betetzen duelako, nork agintzen duen argi uzteko balio duelako.
Tortura 24 ordutan ezaba liteke. Nahikoa litzateke torturatzaileari lanpostua eta soldata atoan kentzea. Ea nork torturatzen duen nagusiaren aginduaren aurka!