Ohorezko Mailarako igoera fasea
Hernani, ametsa egia bihurtzear
Gipuzkoarrek 18-13 galdu zuten pasa den astean CAU Valenciaren zelaian, eta emaitza hori gainditu behar dute igande eguerdian Landareko zelaian, ia mende laurdena pasa eta gero, berriro ere datorren urtean onenen artean lehiatu ahal izateko.
Jon LEUNDA
Hernanin egun handia izan daiteke igandekoa, bertako errugbi taldeak Ohorezko Mailarako igoera lor baitezake. Ia mende laurdena pasatu da azkenekoz bertan egon zenetik, eta aurten berriro ere onenen artean sartzeko prest daude. Horretarako, 12.00etan hasita eta Landareko zelaian, CAU Valencia sei punturen aldearekin menderatu behar dute, joaneko partidan 18-13 galdu baitzuten.
«Egia esan han irabaziko genuelakoan joan nintzen, baina ez genuen ongi jokatu. Zelaia ez zegoen ongi, eta beraiek nahi zuten jokoa egin zuten, baloia hankarekin jokatuz», dio Joxe Elosegik, taldeko entrenatzaileak. «Bost puntu gutxi da, eta gaindituko dugula uste dut. Nire ustez beraiek baino talde hobea dugu, eta garbi daukagu geure jokoa egin behar dugula. Zigorrekin ere kontuz ibili behar dugu, jaurtitzaile ona baitute, eta ezingo dugu intentsitaterik jaitsi», dio Elosegik.
Azkeneko lau denboraldietan, hirugarren igoera fasea dute, eta hirugarrenean balekoa izango delakoan daude. Hala ere, aurtengoak ez dauka aurrekoekin zerikusirik. «Aurreko bietan helburua ez zen igotzea, ezta igoera fasea jokatzea ere. Bigarren faserako sailkatzen baginen, opari bezala hartzen genuen, eta igotzea lortuz gero, opari handi bat balitz bezala. Gainera bietan geure multzoan bigarren izan ginen, eta itzulikoak kanpoan jokatu genituen. Aurten ezberdina da. Hasieratik jarri dugu igotzeko helburua, eta lehen fasean multzoko lehenak izatea ere helburu nagusietako bat zen, igoera fasean itzulikoa etxean jokatzeko».
Horrek ez du esan nahi, ordea, taldearen filosofia aldatu denik. «Guk geurean jarraitzen dugu, etxeko jendearekin, bertatik ateratako jendearekin. Gertatzen dena da, jende hau hobetzen joan dela, eta mailak gora egin duela. Ohorezko Mailako taldeean auka jokatu ditugun lagunarteko partidetan ikusten genuen aldeak ez zirela handiak eta aurten igo gintezkeela ikusten genuen. Horregatik jarri genuen erronka handi hau», aitortu du Joxe Elosegik.
Hiru talde gipuzkoar
Maila nagusira igotzen badira ere, ez dute ezer aldatuko. «Guk etxeko jendearekin jarraituko dugu, dirua ordainduta jokalaririk ekarri gabe, horrek ezberdintasunak sor baititzake aldagelan. Hori bai, norbaitek kanpotik kobratu gabe etorri eta gurekin maila nagusian jokatu nahiko balu, guk hartuko genuke», esaten du entrenatzaileak.
Orain Ohorezko Mailan bi talde gipuzkoar daude, Bera Bera eta Ordizia, baina Hernani igota ere zaila izango da hurrengo urtean hiru izatea, donostiarrak eta ordiziarrak kinka larrian baitaude. «Egia esan Gipuzkoako errugbiarentzat ikaragarria izango litzateke Ohorezko Mailan hiru talde izatea, horrek garbi utziko bailuke Gipuzkoako errugbiaren maila, baina gauzak dauden bezala zaila dirudi. Itxura batean jaitsierarako geratzen den postua Bera Beraren eta Ordiziaren artean egon daitekeela dirudi».
Azkenik, Hernaniko jarraitzaileak goraipatu nahi izan ditu Elosegik. «Hernanin betidanik egon da errugbirako afizioa, eta etxean ari garen bakoitzean harmailetan giro bikaina izaten da. Igandean, berriz ere lepo egongo dira. Pasa den astean juniorren partida bat ikusteko ere ia bete egin ziren harmailak, eta horrek erakusten du zer-nolako zaleak ditugun», amaitu du Joxe Elosegi entrenatzaileak.