Herrien hitzaren aldeko begiraleak
Datorren igandean Herrialde Katalanetako 1.200.000 herritarrek independentziaren gaineko hirugarren herri galdeketan parte hartzeko aukera izango dute. Hori dela eta, nazioarteko hainbat begiralek bertara joko dute, haien artean Euskal Herrikoek. Ezker abertzaleko eta EAko bina kidek osatuko dute ordezkaritza hori, atzo Donostian, Kataluniako Independentziari buruzko Kontsultarako Nazio Koordinadorako bi ordezkarirekin batera, aurkeztu zutena.
Herrialde Katalanetako kontsulten gainean nabarmendu egin behar da, berriro nabarmendu ere, jarduera osasungarria dela, osasun demokratikoari begira behinik-behin. Baina, bistan da, ez dira ohiko galdeketak, ez baitira legezkoak; ez dira instituzioek deituak, ezta lagunduak ere, Estatu espainolaren egitura juridiko-politikoen debekua dela eta. Nolanahi ere, galdeketa horiek badute balio ukaezina. Alde batetik, ageri-agerian uzten ari dira Estatuaren egitura horiek ez daudela prest nazioen askatasun nahia errespetatzeko eta, ondorioz, Estatu espainolean egin litezkeen erreformek ez luketela bertako nazioetako herritarren borondatea aintzat hartuko. Beste alde batetik, galdeketa horiek herri ekimena izateak biderkatu egiten du haien balioa, ez baititu alderdikeriak bultzatzen, baina herritarrek erabakitzeko eskubidea klase politikoa delakoaren agendan kokarazteko tresna dira, are gehiago ekimen sendoa izanik. Eta dagoeneko abian da, halaber, ehunka mila sinadura biltzeko ekimena, hango instituzioei erreferendum ofizialak deitu ditzaten exijitzeko.
Ordezkari katalanek Euskal Herriko ordezkariak galdeketan izatea garrantzitsutzat jo zuten atzo, baita ordezkaritza zabal eta anitza izatea ere. Ordezkari abertzaleek, berriz, Herrialde Katalanetan abian den ekimenaren baliagarritasuna ez ezik, herrien borondatearekiko errespetua elkarrekin aldarrikatzearen garrantzia ere nabarmendu zuten. Arrazoizkoa, demokratikoa delako eta herriari hitza ematea, eta Euskal Herrian gutxik jartzen dute zalantzan, gatazka politikoak gainditzeko ezinbesteko bidea delako.