GARA > Idatzia > Mundua

Ekainaren 20an egingo diren bozetarako hautagai bila ari da Polonia

Udazken amaieran egitekoak ziren Poloniako Presidentetzarako hauteskundeak, baina Lech Kaczynski presidentea Errusian hegazkin istripuan hil izanak aurreratu egin du data. Oraingoz, jarduneko presidente Bronislaw Komorowski liberala da hautagai bakarra.

GARA |

Hegazkin istripu batean zendutako Lech Kaczynski presidente poloniarraren heriotzaren osteko hauteskundeen lehen itzulia ekainaren 20an egingo da, Parlamentuko hedabideen sailak ezagutzera eman zuenez.

«Sejm-eko [Behe Ganbera] presidente Komorowskik erabaki duenez, Poloniako Errepublikako Presidentetzarako hauteskundeak ekainaren 20an, igandea, egingo dira», zioen hedabideei igorritako agiriak.

Balizko hautagaiek hilaren 26a -hurrengo asteartea- baino lehen eman beharko dute izena Hauteskunde Batzorde Nazionalean.

Herrialdeko legeriak zehazten duenaren arabera, bigarren itzulia uztailaren 4an egingo litzateke.

Hilaren 10ean, Errusiako ipar-mendebaldean, Smolensk hiritik hurbil jazotako hegazkin istripuan hil zen Lech Kaczynski presidente ultrakontserbadorea eta beste 95 lagun -tartean, oposizioko alderdi batzuetako buruak eta Armadako eta Elizako buruzagitzako kideak-, eta herrialdea krisi politiko sakon batean murgildu zuen ezbeharrak. Harrezkero, Parlamentuko buru eta liberalen buru Bronislaw Komorowski izendatu zuten behin-behineko estatuburu, hauteskundeak egin arte.

Hautagai bila

Orain arte eginiko inkesten arabera, Komorowski izango da hautagairik bozkatuena. Hala ere, oraindik ezagutzeke dago nortzuk izango diren haren aurkari, oposizioko hautagaiak Smolenskeko ezbeharrean hil baitziren, sozialdemokraten buru Jerzy Szmajdzinski kasu.

Dagoeneko Donald Tusken eskutik gobernuburutzan dauden liberalen lidergoari mugak jar ziezazkiokeen bakarra Lech Kaczynski kontserbadorea zen. Ezbeharra gertatu aurretik ez zuen argitu berriro ere hauteskunde lehiara aurkezteko asmorik zuen.

Informazio agentzia eta analista ugariren zalantza nagusia Jaroslaw Kaczynski Lech zenaren anaia da. Kontserbadoreen arteko sektore askok bere hautagaitza (PiS Legea eta Justizia alderdirako) defendatzen dute -bi anaien artean, estrategien arduraduna Jaroslaw zela diote, eta Lechek horiek gauzatu egiten zituen-, nahiz eta haren hurbilekoek ez dela aurkeztuko adierazi duten, istripuaren ondorengo aldarte txarra dela-eta.

Bestalde, balizko hautagaietako askok bertan behera utzi dute bozetan parte hartzeko asmoa, hauteskundeetako egutegiak zehazten duen epean ezinezkoa ikusten dutelako ezinbestekoak diren 100.000 sinadurak biltzea. Maiatzaren 6a dute azken eguna.

EGUTEGIA

Hautagai bakoitzak hamabost kideko batzorde bat izan behar du hautagaitza aurkeztu ahal izateko, 1.000 sinadurarekin batera. Behin hori lortuta, batzordeak hamar eguneko epea dauka beste 100.000 sinadura erdiesteko, hautagaitza behin betiko lotuta gera dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo