Gipuzkoako Bertso Eskolen VI. egunak 400dik gora gaztetxo bilduko ditu Eibarren
GARA | EIBAR
Seigarren urtez, Gipuzkoako Bertso Eskolek ospakizun eguna izango dute igande honetan Eibarren. Aurreko edizioetan, Villabonan, Oiartzunen, Oñatin, Usurbilen eta Azkoitian izan ostean, Debabarrenean izango da aurtengoan. Bertan, 140 bertso talde inguruk hartuko dute parte, 400 bat neska-mutikok.
«Gipuzkoako Bertso Eskolen arteko harremanak sendotzea eta elkar ezagutzea da helburua», azaldu zuten atzo egindako aurkezpenean. Izan ere, 925 kide dabiltza gaur egun Gipuzkoan, eskola orduetatik kanpo, bertsoa lantzen. Horietatik 500 pasatxo haur edo gazteak dira eta 400 inguru helduak, horien guztien %40 emakumezkoak.
Bestalde, hezkuntza arautuan 8.000 dira bertsolaritza eskolak jasotzen dituzten gazteak, iazko ikasturtean baino mila gehiago.
Jai giroa goiz-goizetik
Eibarko Untzaga plazan izango da hitzordua, 10.30ean. Taldeak elkartzen joan ahala, 11.00etan ongi-etorria egingo da. Herriko ordezkaria den Pantxikak eskainitako aurreskua egingo da orduan, Kezka dantza taldearen eskutik. Hankamotx bertso-eskolaren agurra ere jasoko dute hurbildutako guztiek. 11.15ean, taldekako jolasak hasiko dira Adolfo Jainaga trikitixa eskolak alaituta. Ondotik, festak ez du etenik izango. Eibarko erdiguneko kaleetan barrena abiatuko dira kalejiran, aspaldian isilik egon ostean berpiztutako Getariako Antxua Bentan batukadaren erritmoekin.
Ondoren, 13.30 aldera, bazkaria izango dute eta 14.30ean, zezen eta pottokak irtengo dira, Ustekabe fanfarreak girotuta.
Kalejiran, bazkari gunetik Coliseora abiatuko dira ondoren, bertan izango baita 16.30etik aurrera Bertsound Sistem hip-hop ikuskizuna.