GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hiri eredua eraldatzeko indarrak batzera dei egin du Donostiako ezker abertzaleak

p014_f01_148x084.jpg

GARA

Ezker abertzaleak donostiarrei dagozkien gaiei «gogoz» nahiz «determinazioz» ekin eta «denon artean bestelako Donostialdea eraikitzeko» borondatea agertu zuen atzo prentsaren aurrean. Herritar guztien «olatuak batu, indartu eta biderkatuz» Donostialdea eraldatzeko asmoa dutela jakinarazi zuten.

Udalak hiriaren eta hiritarren bizitza hainbat eremu eta esparrutan arautzen, gobernatzen eta bideratzen dituela aintzat hartuta, Donostiakoak hiri eta gizarte eredu zehatz bat bultzatzen duela salatu zuten ezker abertzalekoak. Hain justu ere, «espainolizazio», «kontsumismo» eta «pasibotasunean oinarritzen diren turista atzerritarrentzat» zein eraikuntza enpresentzako, aberatsentzako eta multinazionalentzako hiria dela Donostia argitu zuten. «Euskal Herriarekin loturak sendotu eta garatu baino, atzerritarrentzako postaleko plaza turistiko sonatua izatea nahiago dute», zioten.

Gauzak horrela, ezker abertzalea ziur dago «bestelako eredu» bat izateko «nahia» badagoela. Hala, bertako biztanleei begira lan egingo duen «hiri euskaldun», «parte-hartzaile» eta «sozialki justu» baten alde lan egiteko prest agertu ziren. Azaldu zutenez, herritarren «egiteko aktiboa» aldarrikatu eta berpiztu nahi dute.

Horregatik, ezker abertzaletik euskalduntzearen, feminismoaren, oroimen historikoa berreskuratzearen zein jai eta kultura herrikoien alde egiteko olatuak indartzeko apustua luzatu zuten. Baita, hondakinen kudeaketa osasungarriaren, hirigintza arrazionalaren, eredu sozial «berri» eta «duin» baten edo zerbitzu publikoen aldekoa ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo